argia.eus
INPRIMATU
Balmasedako zentral eolikoaren proiektua atzera bota dute, “gutxiago eragingo” duen beste bat egiteko
  • Kolitza mendiaren magal batean eraiki nahi zituzten haize erroten proiektua atzera bota du Eusko Jaurlaritzak, hala adierazi du Balmasedako alkateak. Baina horren ordez, "eragin gutxiago" duen beste zentral bat aurreikusi dute inguru bertsuan. Maiatzaren 26an Euskal Herria Bizirik plataformak mendi martxa antolatu du gailur horretaraino.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2024ko maiatzaren 16a
Kolitza gailurrean ermita, mendiaren magaletan tamaina handiko haize errotak eraiki nahi dituzte. Argazkia: Euskadi Turismoa

Balmasedako (Bizkaia) alkate Alfonso San Vicentek jakinarazi du Blue Viking Barbara enpresak ez duela egingo azkenean Kolitza eta Garbea mendien arteko zentral eolikoa. Proiektuak sei haize errota handi –200 metroko garaierakoak– aurreikusten zituen, eta Balmasedako Udalak ere helegitea jarri zion. Hala, proiektuaren kontzetsio edo emakidarik ez da argitaratu Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian (EHAA).

El Correo egunkariak, Eusko Jaurlaritzako iturriak aipatuta, dio energiaz arduratzen den erakundeak bota duela atzera zentral eolikoa, baina "gutxiago eragingo" duen beste bat egitea aurreikusten dutela, Kolitza eta Sabugal mendien artean, hegoalderago.

EHAAn maiatzaren 12an iragarri zen bigarren proiektu hori, eta Bizkaiko Aldizkari Orokorrean asteazkeneko zenbakian eman dute horren berri. Guztira lau aerosorgailu izango ditu eta 15 milioi euroko aurrekontua.

Mendi martxa Kolitzara

Balmasedan ez ezik, Enkarterri osoan ere eolikoen beste hainbat proiektu dira egitekoak, Artzentales, Sopuerta, Turtzioz, Gueñes eta udalerri gehiagori eragingo lieke. Talde ekologistek eta herrietako plataformek salatu dute ingurumen kalte larriak sortu ditzaketela.

Hain justu, maiatzaren 26an Euskal Herria Bizirik plataformak deituta mendi martxa egingo dute Kolitza mendira, Azpeitiko manifestazioaren segidan antolaturiko mobilizazioa da, Lurraren Defentsan Euskal Herria Bizirik! lelopean.