argia.eus
INPRIMATU
Balmasedako sutea kontrolpean dago Bizkaiko eremuan
  • Gaua sutea mendean hartzeko lanetan eman ostean, Bizkaian egoera kontrolpean dago. Arratsaldetik aurrera arriskuak murriztera jo beharko luke, Euskalmet-en arabera haizeak baretzera joko baitu. Burgos (Espainia) iparraldera hedatu da sua, eta uneotan bertan dago egoera okerren.

ARGIA @argia 2022ko urriaren 24a
Argazkia: Bizkaiko Basozainak

Tenperatura beroek, haizeak eta lurraren idortasunak eraginda, sutea piztu zen larunbatean Balmasedan (Bizkaia). Zehazki, Arbalitzako basoan sortu zen sua, Arabako mugatik gertu, eta inguruetara zabaldu. Bizkaian, Balmaseda ez ezik Zalla eta Goredexola ere kaltetu ditu suak, eta momentuotan Burgoseko (Espainia) iparraldean dago egoera okerren. Bertara bidali ditu baliabide materialak eta pertsonalak Jaurlaritzak, behin Bizkaian egoera kontrolpean hartuta.

Larunbatean piztutako sua kontrolpean zen igandea orduko, baina igandeko haizeteek egoera berriz kontrolpetik aterarazi zuten. Bizkaiko Foru Aldundiaren arabera, 77 suhiltzaile aritu dira lanean igandetik astelehenerako gauez Balmaseda inguruetan. Egoera berriz kontrolpean badago ere, Bizkaiko Basozainek gogorarazi dute arrisku oso handiko eguna izango dela astelehena ere. Pedro Izaga Bizkaiko Foru Aldundiko Larrialdi eta Babes Zibilerako zuzendariak astelehen goizeko lehen orduan Onda Vasca irratiari egindako adierazpenen arabera, Zallako Basoaga eta Malabrigo auzoen inguruak dira ardura gehien sorrarazten dutenak, bertako sua baita errazen atera daitekeena kontroletik. Arratsaldetik aurrera arriskuak murriztera jo beharko luke, Euskalmet-en arabera haizeak baretzera joko baitu. Halere, sutea "amatatzeko luzea izango da", gogorarazi dute suhiltzaileek.

Orain arte egindako kalkuluen arabera, 500 hektareatik gora kiskali ditu suteak. Berriak jaso duenez, suak hiru baserri erre ditu, eta gutxienez hamabi familia atera behar izan dituzte beren bizilekuetatik. Balmasedako kiroldegian artatu dituzte, eta dagoeneko ia denak itzuli ahal izan dira beren etxeetara; familia bakarra dago oraindik ezin itzulirik. Burgosko Bortedo eta Antuñano herrietan ere, hainbat pertsona ebakuatu behar izan dituzte bart. Errepideen mozketak ere eragin ditu egoera: BI-636 errepidea moztu beharra egon da Zalla eta Balmaseda artean, eta baita A-624 errepidea ere, Artziniega parean, Burgosekin mugan.

Bizkaiko Suhiltzaileek sareetan zabaldu dute sutea itzaltzera bidean grabatutako bideoa:

https://twitter.com/BomberosBizkaia/status/1584243811710296064?s=20&t=0Kwx9qlFxAYTo-uO0K8ATA htps://twitter.com/BomberosBizkaia/status/1584243811710296064?s=20&t=0Kwx9qlFxAYTo-uO0K8A