Malandain Biarritz Balleta
Non: Bilboko Arriaga Antzokian
Noiz: Urtarrilaren 20an
-----------------------------------------------------------
Bilbon arte eszenikoen epizentrorik bada, hori Arriaga Antzokia da. Astean hiruzpalau egunetan dago emanaldi bat ikusteko aukera. Antzerkiaren moldeetatik ateratzen diren proposamenak ez dira ohikoak izaten; baina, gabonen bueltan, ballet emanaldiak programatzen dituzte.
Gabonetan ofizialki ez, baina gabonen ondorengo aje garaian programatu dute dantzaldi hau. Ostiral eta larunbat iluntzean Malandain Biarritz Balletak Urtaroak proposamena eskaini du. Negu giroa aspaldiko partez Bilbon, larunbat iluntzea eta dantza. Bigarren egunez jarraian bete du Malandain-ek arte eszenikoen epizentroa.
Teloia altxatu eta berehala hasi da espektakulua. 22 dantzari oholtzan. Harmoniotsua da koreografia, zehatzak dira mugimenduak, landuak formak eta estetikoak irudiak. Beharbada ez da oso zuzena hau esatea, baina perfekzioa eta edertasuna dira emanaldiak iraun artean buruan iltzatuta izan ditudan hitzak. Dantzariek ez daramatzate ballet klasikoan ezinbesteko diren oin punta zurrunak, tutu zuriak eta kortse estuak. Baina, egiari zor, nabari da ezer ez dela ausaz egina. Inprobisaziorako paradarik ez dago, ezta akatserako tarterik ere. Hori du klasikoak: mugimendua ondo egiteko modu bakarra dago. Antonio Vivaldiren Lau urtaroak eta Giovanni Antonio Guidoren Urteko lau urtaroek osatu dute Thierry Malandain koreografoaren soinu banda.
Mugimenduen joan etorrietan zeharo murgilduta egon arren, nire burua zerbait gehiagoren bila nabari dut. Baina, zer? Hitzen eta ekintzen bila nabil, antzerki emanaldi bat bailitzan. Antzezlanetan testuak gidatzen du ikuslea askotan (ez beti); eta, hala ez bada, eszena sekuentzien narrazioak. Antzerkiaren kodeak eta narrazio moldeak exijitu dizkiot dantzari. Ez du zentzurik.
Ez gaude ohituta gorputzaren eta musika klasikoaren doinu soilez jantzitako emanaldiak ikustera. Hitzek eta akzioek kontakizunari laguntzen diotela iruditzen zaigu askotan, gure ulermen egarria horrela aseko balitz bezala. Askotan entzun ditut ingurukoak esaten ez dituztela dantza emanaldiak ikusten, ez dutelako dantza ulertzen. Are, ulermen ezaren aitzakian dantza ez dutela gustuko baieztatzen dute askok. Baina, zer da ulertu behar dena? Zer ez da ulertzen? Gorputzaren lengoaiari erreparatzeak zergatik uzten gaitu jokoz kanpo?
Gaurkoan, inori galdetu gabe ere, ziur naiz ikusleek Malandainen proposamena ulertu dutela. Arriagan sekula entzun dudan txalo zaparrada luzeena jaso dute 22 dantzariek. Agian, finean, ulermena ez da hitzetan neurtzen. Gorputz mugimenduek asko dute esateko.