argia.eus
INPRIMATU
Balkoiak, polizia eta histeria kolektiboa
  • Autismoa duten pertsonak, leiho eta balkoietatik iraindu eta jazarri ez ditzaten, zapi edo bereizgarri urdin batekin paseatzera ateratzeko gomendatu dute.  Asmo oneko gomendioa da seguruenik, baina zentzu onaren alarma guztiak piztu behar zaizkigu. Justifikatu gabeko erasoak gehitu behar dizkiogu horri; azkenengoa, bereziki lazgarria, Bilboko San Frantzisko auzoan gertatu da. Hainbat koloretako poliziek gauzatzen dituzte eraso horiek, eta maiz leiho eta balkoietatik txalotzen eta animatzen dituzte. Hortaz, onartu behar dugu benetako arazo baten aurrean gaudela.

Felix Irizar Prieto 2020ko apirilaren 02a

Osasun-krisiaren une gogor hauetan, harro gaude bizitza zaintzeko funtsezkoak diren langileez, zaintza, garbiketa eta desinfekzio lanen arriskuei aurre egiten dieten milaka langileren jarrera solidarioaz. Laguntzen duten milaka boluntarioak maitasunez eta onespenez seinalatzen ditugunean, aldi berean, amorrua adierazi behar dugu elkartasun falta eta jarrera totalitarista horien guztien aurrean.

Osasun-krisi honek bizitza birpentsatzera eraman behar gaitu, gure harreman-eredua birpentsatzera. Bada garaia bizi-eredu solidarioak loratzeko; bizitza eta pertsonak erdigunean jarriz elkar eragiteko; besteekiko errespetutik, sufritzen duenarekiko enpatiatik, izan sufrimendua norberaren egoerarengatik, edo gehienetan bezala, kanpoko arrazoiengatik, bidegabekeria sozialaren ondorioz. Jendarte-eredu kapitalistak sentimendu indibidualista txertatu du jendartean. Aurre egin behar diogu sentimendu horri, eta kolektibotik gainditu behar dugu; izan ere, kolektibotik eta klase-batasunetik egin ahal izango diogu aurre indibidualizaziotik pribatizazioa eta ondasun komunaren ukazioa justifikatzen duen politikari.

"Osasun-krisi honek bizitza birpentsatzera eraman behar gaitu, gure harreman-eredua birpentsatzera. Bada garaia bizi-eredu solidarioak loratzeko; bizitza eta pertsonak erdigunean jarriz elkar eragiteko"

Bada unea jarrera faxistak eta totalitarioak iraganaren parte izateko, egunotan hainbeste animatu izan den estatu zapaltzaile, polizial eta militaristaren kulturaren oinordeko baitira halako jarrerak. Osasun-krisiak ezin du balio indarraren ordena zuritzeko, krisiak ezin du instituzio militarra justifikatu, zeinak datu "publikoen" arabera osasungintzara bideratzen denaren herena jasotzen duen. Krisiak balio behar du gure arreta funtsezko eta beharrezko gauzak defendatzeko premian zentratzeko, bizitzen laguntzen digun horretan.

Unea da arrazoimenak indarra eta histeria kolektiboa garaitzeko, ilargiari begiratzeko; ez da momentua begiratu beharrekoa seinalatzen digun hatz "akusatzaileari" begiratzeko.

Beti egon dira soberan beren zilborretik harago ikusten ez duten balkoiko txibatoak, eta plaka edo uniforme baten atzean ezkutatuta beren sen okerrena azaleratzen duten gorilak; orain, inoiz baino gehiago. Gure benetako arbuioa merezi dutenak haien jarrerak dira, eta ordezkatzen duten horrek guztiak.

“Zapi urdinezko” besarkada bat.

Felix Irizar Prieto
ESK-ko Koordinakunde Nazionaleko kidea