Martxoan urtea beteko da errefuxiatuei Balkanetako bidea itxi zietela. Iheslarien fluxua ez da gelditu, ordea. Orain trafikante sareetara jotzen dute beste toki batzuetatik sartu ahal izateko eta bidaia arriskutsuagoak eta garestiagoak egiten dituzte, Save the Childrenek salatu duenez.
Iazko martxoan Europar Batasunak eta Turkiak adostu zuten EBra heltzen ziren migranteak itzuli egingo zituztela. Itun horren ondorioz Balkanetako bidea itxi zuten. Save the Childreneko arduradunek azaldu dutenez, krisiak ez du behera egin. “Akordioak kontrabandistei mesede egin die eta hauek taktika berriak asmatu dituzte, geroz eta arriskutsuagoak”.
Balkanetako egoera kezkagarria da: Hilero 3.000 bat pertsonak zeharkatzen dute Serbiako muga. 8.000 errefuxiatu daude une honetan herrialdean blokeatuta. Iheslari esparruetan geratzen dira, baina hauek jendez gainezka daude, horregatik biltegi abandonatuetara joaten dira. Han “baldintza penagarrietan eta zaborrez inguraturik” bizi dira, Save the Childrenek aditzera eman duenez.
Pertsona hauen itxaropen bakarra Hungaria edo Kroaziaren muga zeharkatzea da. Batzuk lortzen dute, baina poliziak Serbiara itzultzen ditu. Urtea hasi zenetik legez kanpo 2.000 itzuli dituzte. 2016. urtean 30.000 asilo eskaera jaso zituen Hungariako Gobernuak, baina erdia baino gutxiago onartu zituen. Gainontzekoek modu ilegalean pasa zuten.
Save the Childrenek Espainiari eta Europar Batasunari exijitu die Europara sartzeko bide seguru eta legalak ezar ditzatela. Horrekin batera harrera programak sortzea eta familia bateratzerako prozesuei malgutasuna ematea.
“Nahiago dut edozer gauza, nire herrialdera bueltatu baino”
Omar Belgradera bakarrik heldu den 15 urtetako gazte afganistandarra da. Bere egoera kontatu dio GKEari. Biltegi abandonatu batean bizi da. Han arnas egitea ia ezinezkoa da, hotzari aurre egiteko erabiltzen dituzten berogailuen kearengatik. “Behin baino gehiagotan saiatu naiz Hungariara pasatzen, baina beti itzuli eta jipoitu naute. Ez daukat dirurik, baina nahiago dut edozer gauza, nire herrialdera bueltatu baino”, azaldu du.
Hau guztia gutxi balitz, neguak gogor jo du Balkanetako zonaldean. Reuters agentziak urtarrilean jakinarazi zuen errefuxiatuek -20º C-ko tenperaturei aurre egin behar izaten zietela, kanpaleku inprobisatuetan eta elikagai eskasekin.