argia.eus
INPRIMATU
Baliabide nahikoa ez eta gainera murrizketak jasan dituztela salatu du konplexutasun handiko Gasteizko ikastetxe batek
  • Hizkuntza gabeziari lotutako hezkuntza atzerapenak eta premia handiak dituzte Gasteizko Federico Baraibar institutuko ikasleek. Beti baliabidez urri dabiltzala, baina hurrengo ikasturterako Eusko Jaurlaritzak esleituriko baliabidetan murrizketak izango dituztela salatu dute. “Egoera jasanezina da”.

ARGIA @argia 2023ko ekainaren 23a
Argazkia: Federico Baraibar BHI

Federico Baraibar eskolako familien %90 atzerritar jatorrikoa da eta ikasturtean zehar ikasleak etengabe iristen zaizkie. “Kultur-aniztasun eta hizkuntza-aniztasun hori izugarri aberasgarria da, baina aldi berean ikaskuntza-prozesua zailtzen duten ondorioak ditu”, batik bat euskara ezezagutzari lotuak. Hezkuntza Laguntza Espezifikoa behar duten ikasle asko dituzte, eta horri gehitu behar zaio gizarte hezkuntzako egoera zaurgarrian daudenak eta egoera sozio-ekonomiko zaila duten familiak ez direla gutxi eskolan.

“Ezaugarri berezi horiek dituzten ikasleekin ez dugu inoiz izan behar adina baliabide behar bezala lan egiteko, eta 2023-2024 ikasturterako ikuspegia tamalgarria da”, ohartarazi du ikastetxeko klaustroak. Besteak beste, curriculum desberdineko klase bat galduko dute DBHko 3. mailan, DBHko 1. mailako hiru talde izatetik bi izatera igaroko dira (“premia espezifikoek bere horretan jarraituko dute, baina baliabideak murriztu egingo dira”), azken bost urteetan Pedagogia Terapeutikoko (PT) hiru irakasle baino gehiago galdu dituzte (eta ikasleen beharrei aurre egiteko irakasle gutxiago izateaz gain, bizikidetza gela kolokan geratuko da), eta digitalizazioan “galera handiak” jasango dituzte.

Datorren ikasturtean, gainera, lanaldi zatitura igaro daitezke, eta horrek ere kezkatzen du klaustroa, ikastetxeak ez duelako denei jaten emateko azpiegiturarik eta oso urrun dauden auzoetako ikasleak dituztenez absentismoa areagotuko litzatekeelako.

“Egoera kezkagarria da, eta arriskuan jartzen ditu ikastetxearen funtzionamendu ona, ikasleen ongizatea eta kalitatezko hezkuntzarako eskubidea. Premiaz eskatzen dugu, alde batetik, murrizketak bertan behera uztea, eta hori nahikoa ez denez, baliabideak indartzea”, azpimarratu du Federico Baraibar ikastetxeko klaustroak.