argia.eus
INPRIMATU
“Balia dezagun aukera eskola publikoa ardatz izango duen hezkuntza hitzarmena erdiesteko”
  • LAB sindikatuak hezkuntza akordioaren zirriborroari egin dizkion ekarpenak plazaratu ditu. Hezkuntza hitzarmenaren helburu nagusiak gehiago definitu behar direla adierazi du: "Hainbat puntutan interpretazio desberdinei ateak irekiak uzten dizkio. Abiapuntua zehaztasun handiagoz definitu ezean, kontrakoak izan daitezkeen bi bide desberdin har daitezke: ituntze-sistema kontsolidatu ala egungo eredu duala gainditze bidean jarri. Bigarren hau da LABen apustua: euskal eskola publiko komunitarioko konfluentzian aurrera egitea".

ARGIA @argia 2022ko otsailaren 18a

EAEn Hezkuntza Akordio zabal bat egitearen alde agertu da LAB sindikatua, eta "zehaztasun maila handiagoa eskatzen badute ere", zirriborroan hainbat elementu positibo badirela baloratu du: "Kuotak desagertzeko asmoa, euskalduntzearen aldeko borondatea edota herri mailako eskolaratze eta planifikazio batzordeak sortzea esaterako".

Hauek dira LABek aurkeztu dituen ekarpen nagusiak:

"Eskola publikoaren aldeko jarrera argia izan behar da"

"Eskola publikoa erdigunean jarri eta berau ardatz duen hezkuntza-sistema eraikitzeaz aritu beharko litzateke testua, titularitate publikoa eta hezkuntza komunitatearen parte hartzea uztartuko dituen sare bakarreranzko trantsizio bide gisa. Egun indarrean dagoen eredu dualetik sare bakarrerako bidea egitea planteatzen dugu, konfluentziatik -eta ez sareen elkarbizitza eta betikotzetik- sortutako bidea eginez. Deszentralizazioan oinarrituriko publikotasun berri batean oinarrituko litzatekeena".

Haur Hezkuntzako lehen zikloa (0-3) hezkuntza sistemaren barruan eta eskola mapetan integratu behar dela ere esan du eta  Haurreskolak Partzuergoaren doakotasuna bermatu behar dela.

"Hezkuntza sistema dualaren oinarrian dagoen kontzertazio unibertsalarekin amaitzeko konpromiso sendoa behar da, kontrol publikoa indartuz"

"Hezkuntza-sistema dualaren oinarrian dagoen kontzertazio unibertsala amaitu eta finantziazio publikoa jasotzen duten ikastetxeei baldintzak ezartzea egoki ikusten dugu. Batetik, finantziazio publikoa jasotzen duen ikastetxeak ezin du kuotarik kobratu, doakotasuna bermatu beharko luke eta bestelako betebeharrak ere bete behar ditu: segregazio oro gainditu eta inklusiboak izatea, euskarazko murgiltze eredua bermatzea, laikoa izatea, hezkidetza egiturazko izatea, edota parte hartzea bultzatzea".

Kontrol publiko hori bermatzeko eskatu du LABek: "Ez da nahikoa doakotasun erreala edota euskalduntzea bezalako gurariak aurkeztea gero ez badira hauen ebaluazioak garatuko, instituzioen auditoriak eta ikuskaritza propioak behar dira eta testuan agertu behar dira".

Ikastetxeen titulartasunaz ere mintzatu da sindikatua: "Ikastetxe batek finantziazio publikoa jasotzen duenean, horrek nolabaiteko isla izan behar du titularitatean. Honela, trantsizio gisa, baldintza eta betebehar berberak izango lituzketen ikastetxez osatutako sistema berria sortuko litzateke eta denak egongo lirateke udal eta eskualde mailako planifikazio publiko bateratuan txertatuta. Matrikulazioekin dagoen lehiarekin nahiz segregazio joera ororekin amaitzeko, udal mailako planifikazio eta eskolaratze prozedura bateratua martxan jarriz".

"Euskararen murgiltze eta mantentze eredua ezarri behar da"

"Zirriborroan aipatzen da euskara ardatz izango duen hizkuntza eredu bakarra ezartzeko asmoa. LABen ustez, zehaztapen gehiago behar da: euskararen murgiltze eta mantentze eredua definitu eta ezarri behar da hezkuntza komunitate osoarentzat 0 urtetatik Lanbide Heziketa bitarte".

Euskal Curriculumaren inguruko gogoeta "sakonagoa" egin behar dela ere esan du: "Euskal Herriko ondare linguistiko, kultural eta soziala berritzearekin batera, curriculum feminista, berdinzale eta antiarrazista baterako diseinua jaso beharko litzateke". Horri lotuta, zera adierazi du: "Hezkuntza-sistemak egiturazko curriculuma izan behar du, hezkidetza, aniztasunaren trataera eta inklusioa, laikotasuna eta euskara eta euskal kultura ikastetxe guztien hezkuntza egitasmoaren oinarri izan behar dira. Klase-sozialen, sexu-generoaren edo/eta arrazializazioan oinarrituriko zapalkuntzei hezkuntzak era integral eta kritikoan erantzun behar die, ezin da hautazkoa izan. Aipatutakoaz gain, mekanismoak ezarri beharko dira programa-kontratuak ikastetxeen arteko lehia sustatu ez dezaten eta segregazio-iturri bilakatu ez daitezen".

"Irakasleak ez diren gainontzeko langilean alboratzen ditu"

"Irakasleei buruz bakarrik ari da zirriborroa, eta gainontzeko hezkuntza langileak -haur-hezitzaile, heziketa bereziko profesional, jantokiko begirale, sukaldari, garbitzaile, administrari eta atezainak- alboratzen ditu. Langile guztion aitortza ezinbestekoa da, publiko zein azpikontratatu".

Langileen egoerari lotutako beste proposamen hauek ere egin ditu: "Hezkuntza lana eraginkortasunez garatu ahal izateko, ezinbesteko tresnak bermatu behar dituzte instituzioek, besteak beste, langileon egonkortasuna eta kontsolidazioa, azpikontratazioarekin bukatzea, ratioen jaitsiera, etengabeko prestakuntza (lehentasunez: euskalduntze eraginkorrerako estrategiak, ikasle etorkinak eskolan murgiltzeko programak, inklusioa eta aniztasunaren trataera, hezkidetza, berrikuntza pedagogiak) eta kontziliaziorako neurriak".

Finantziazio publikoa jasotzen duen edozein ikastetxek klausula laboral hauek bete behar izatea ere eskatu du:

- "Langileen sarbide aukera berdintasuna bermatzea, hezkuntza-sistemako langile guztiak sarbide bakarra izatea helburu. Sarbide bakar horretan ziurtatu beharra dago gaitasun eta merituetan oinarrituriko hautagai guztien arteko aukera berdintasuna, prozesuaren gardentasuna nahiz kontratazioaren gaineko kontrol publikoa (hezkuntza komunitatearena) eta gainbegiratze sindikala".

- "Lan-baldintzak homologatzea eta ekiparazioa".

- "Pribatizaturiko eta azpikontrataturiko egiturazko langilerik ez izatea".