argia.eus
INPRIMATU
Valentzierazko monologo bat eten dute turista madrildarrek: “Espainieraz. Espainian gaude”
  • Hiru komediagile "Riures en valencià" ekitaldia egiten ari ziren ostiral honetan, Moncofa-n (Valentzia, Herrialde Katalanak). Gizon madrildar batek “Espainieraz. Espainian gaude” oihu artean hartu ditu artistak. Umoristek valentzieraz jarraitu dute, eta gizonak eta beste hainbat turistek alde egin dute ikuskizunetik.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko abuztuaren 23a
"Riures en Valenciá" emanaldiko kartela

Ostiral honetan gertatu da jazoera, Moncofa-n (Valentzia, Herrialde Katalanak). Maria Zamora, Saray Cerro eta Diego Barea umoristak “Riures en valencià” ekitaldia egiten ari ziren, Sant Roc herriko festen parte antolatutako ikuskizuna, komedian katalanaren erabilera sustatzeko. À Punt telebistak esan eta Elnacional.cat-ek bildu duenez, erakustaldia hasi eta gutxira, turistetako bat (ustez, madrildarra) mahaitik jaiki eta eskuekin airean keinuka hasi da. Zamorak zer gertatzen zen galdetu dionean, gizonak erantzun du ez zuela ezer ulertzen, eta espainieraz egitera behartu nahi izan ditu artistak: “Espainieraz. Espainian gaude”.

Zamorak azaldu du Moncofako Udalak (PP) antolatutako ekitaldia zela hura, umoristek valentziera erabiltzen zutela, eta horrela iragarri dutela promozioan ere. Cerrok, Vareak eta Zamorak berak hizkuntza horretan jarraitu dute, eta onartu ez, eta gizonezkoa eta beste turista batzuk emanalditik joan dira. Gainontzeko ikusleak —300 inguru— gelditu egin dira, eta erakustaldiak normaltasunez jarraitu du aurrera.

Eskubide urraketari erantzuna

Plataforma per la Llengua al País Valencià elkarteak komunikatu baten bidez eta sare sozialetatik salatu du gertatutakoa. Horrelako ekintzek “balio duen hizkuntza bakarra gaztelania dela uste dutenen intolerantzia” erakusten dutela adierazi dute, eta katalanez hitz egitea “haien askatasuna eta aukera” dela gehitu. Manuel Carceller plataformako delegatuak Villaweb-i eskainitako elkarrizketa batean esan du gertatua “supremazismo” kasu bat dela: “Lurraldean berezkoa den hizkuntza ofizial batez ari gara, eta beraz, normala da hura erabiltzea. Gertatua Espainiako eleaniztasunaren aitorpen eza erakusten duen beste anekdota bat da”.

Carcellerren esanetan, horrelako jazoerak ez dira berriak, “baina notizia dira jendeak gertatzen dena azaltzen duelako”. Delegatuaren esanetan, gero eta biztanle gehiagok salatzen dituzte hizkuntza eskubideen urraketak, eta plataformatik kasuen jarraipen zuzena egin eta biktimei laguntza gehiago eskaintzen zaiela gehitu du. Maria Juan “Riures en Valenciá” emanaldiaren sortzailea bat etorri da, eta azpimarratu du herritarren aldetik gero eta hobea dela valentzierarekiko jarrera: “Duela urte batzuk, hau [ostiralekoa bezalako eraso bat] oso gutxiri gertatzen zitzaigun. Atzo gauean [abuztuak 20] gizonezko komiko bat eta bi emakumeri gertatu zitzaien, gainera espainieraz hitz egiten dutenak, eta valentzieraz lan egitea hautatu dutenak. Bide onetik goaz”.