Atzerritarrek Balear Uharteetako higiezinekin espekulatzearen ondorioz, herritarrek geroz eta zailago dute beren herrian bizitzea. Batzorde bat sortu dute erkidegoan, debekua ezartzea aztertzeko. Kanadan bi urtetako debekua ezarri diete atzerriko inbertitzaileei, eta antzeko neurriak indarrean daude Austrian, Finlandian eta Kroazian.
Atzerritarrei etxebizitzen salerosketa debekatzeko urratsak ematen hasi dira Balear Uharteetan. Iaz erkidegoan etxebizitzaren bat erosi zutenen %38,95 inbertitzaile atzerritarrak izan ziren. Agintariek salatu dute prezioak garestitzearen ondorioz herritarrek herrialdetik alde egin behar izaten dutela eta herri asko hutsik gelditzen ari direla, inbertitzaileek pisuak turismorako eta espekulaziorako erabiltzen dituztelako.
Batzorde bat sortu dute debekua ezartzea aztertu eta eztabaidatzeko. Juan Pedro Yllanes Balear Uharteetako alkateordeak azaldu du Kanadaren eredua jarraitu nahi dutela. Urtea hastearekin batera, Kanadako Gobernuak higiezinak erosteko debekua jarri zien atzerriko inbertitzaile eta enpresei, asilo eskatzaileei eta behin betiko bizilekua aitortua dutenei salbu.
Bide beretik jo dute beste hainbat lekutan ere: The Guardian-ek jaso duenez, Austriako Alpeetan eremu batzuk "atzerriko eraginez salbu" uztea onartuta du Europako Batasunak, garrantzia kulturalagatik; Finlandiako Aland uharteetan ere bigarren etxebizitzak erosteko mugak ezarri dituzte, eta Kroazian laborantza lurrak erosi nahi dituenak hamar urtez bizi behar du bertan, gutxienez .