Manifestazio jendetsua egin zen atzo, irailak 29, Palman (Balear Uharteak), hirueledun hezkuntza ereduaren kontra, eta honenbestez, irailaren 16an greba mugagabeari ekin zioten irakasleen alde. Balearretako Matematikarien Elkarteak egindako kalkuluaren arabera, 90.000 lagunek eskatu zuten PPko gobernuak ezarritako TIL (Tratamiento Integrado de Lenguas) legea bertan behera uztea, “Inposaketaren kontra, defenda dezagun hezkuntza” lelopean.
Grebaren testuinguruan, eta sindikatuen eta hezkuntza kontseilaritzaren arteko negoziaketak porrot egin ostean, heldu da protestaldia, antolatzaileen ustez Balear Uharteetan izan den jendetsuena. Biel Caldentey, STEI sindikatuko idazkari nagusiak aipatu zuenez, gaur, irailak 30, Kontseilaritza negoziaketa mahaiarekin biltzen denean, “hiru galderen erantzuna besterik ez dute nahiko: TIL araua baztertzea, Sinboloen legea bertan behera uztea eta Maóko zuzendarien diziplinazko espedienteak erretiratzea”.
Palmakoa hasi eta gutxira, manifestazio bana abiatu zen halaber, Maón, Menorca uhartean, eta Eivissan.
Informazio gehiago:
TIL legeak katalana gutxiesten duelako ekin zioten irakasleek grebari. (2013-09-16)