Felipe Juaristi, Juan Ramon Makuso, Pello Otxoteko eta Aritz Gorrotxategik osatzen dute Balea Zuria argitaletxea. Bosgarren kide bat ere badago taldean, Imanol Larrinaga margolaria. Orain arteko jardunaldietako irudien egilea.
Balea Zuria argitaletxeko kideek ibilbide oparoa egina dute idazle gisara. Poesia eta Pentsamendua jardunaldiak ere landu izan dituzte orain arte, Donostian hala nola Durangon. Argitaletxe berri hau lankidetza horren beste urrats bat da.
Balea Zuriak poesia eta saiakera literario laburrak argitaratuko ditu. Horrez gain, lehiaketa bat ere jarri du abian Donostia Kulturarekin batera: DK poesia lehiaketa izenekoa. 35 urtetik beherako idazleei zuzenduta dago, eta poeta gazteak inguratzea dute helburu.
Argitaletxeko kideak kontziente dira poesiak ez duela irakurle asko inguratzen, hala ere, poesia irakurleak sortzeko berebiziko urratsa ikusten dute poesiarako marko berri bat sortzea, baita publikatzeko aukerak ematea ere poeta berriei. Balea Zuriako lagunek diotenez, “poesiazko liburu txukun eta kalitatezkoak atera nahi ditugu, edukiaz gain, liburua objektu bezala preziatzen dugulako”.
Luis Garderen Barbaroak baratzean poemarioa da argitaletxearen lehen liburua. Lan berri hori Donostian aurkeztuko da azaroaren 10ean, goizeko 11:00etan, Udal liburutegiko Mandas Dukearen aretoan.