argia.eus
INPRIMATU
Balea eta izurde sarraskiaren aurkako boikota
  • Faroe uharteetan, Ipar Atlantikoko artxipelago bat, Danimarkaren kontrolpean, urtero ehunka zetazeo hiltzen dituzte –normalean milatik gora–. Batzuek "tradizioa" deitzen diote, hainbat mendetako antzinatasuna duelako. Baina odolez gorritutako hondartzan zaurituriko ehunka izurde eta balearen irudi ezagun eta biralek gero eta zailago egiten dute “ohitura” horren justifikazioa.

Axier Lopez @axierL 2025eko otsailaren 13a
Sea Shepherd

Horren aurrean, nazioarteko kanpaina bat dago abian Faroetako arrantzari boikota egiteko, praktika horiek egiten jarraitu bitartean. Paul Watson Fundazioaren eta ARDE animalien defentsa-erakundeak egindako ikerketaren berri eman du Paul Rivasek El Salton. Espainiako Estatuan bederatzi supermerkatu eta arrantza-industria lotzen ditu praktika odoltsu horrekin.

"Espainiako bederatzi supermerkatu nagusiek saltzen dute Faroetako arrantza-eremuko bakailaoa, eta horietako zazpik –Alcampo, ALDI, Mercadona, Carrefour, Consum, DIA eta Lidl– beren marka zuriarekin", adierazi du Julia Elizalde ARDEko bozeramaileak. El Corte Inglések eta Eroskik osatzen dute zerrenda. Saltzen dituzten marken artean daude Alkorta, Aligator, Angomar, Dimar eta Pescanova.

Bi kolektiboek argi diote zalantzarik ez dagoela sarraskiaren eta Faroetako arrantza-sektorearen arteko loturari buruz. "Han arrantzatzen duten enpresek aktiboki parte hartzen dute baleen eta izurdeen ehizan", adierazi du Elizaldek. Hortik dator boikot deialdia.

 AFP

Beharrik gabeko “ohitura”
“Ohitura” horri Grindadráp deitzen diote, eta batez ere pilotu-baleak, Ipar Atlantikoko izurdeak eta Atlantikoko hegal zuriko izurdeak akabatzen dituzte. Laburrean hala da: arrantza-itsasontziak zetazeo taldeak jazartzen hasten dira, kala eta hondartzetara eramanarazteko. Han jendea dute zain, sokadun kakotxa eskuan, espirakuluan –arnasketa-zuloan– sartzeko, eta hala zetazeoak itsasertzera erakartzeko. Behin hondarrera hurbilduta, aiztoekin bizkarrezur-muina ebakitzen diete. Prozesua amaitzen da beste pertsona batek lepoaren atzealdea mozten dienean, bi odol-hodi garrantzitsuenak zartatzeko. Eta horrela, odolustuta, hamarnaka edo ehunka animalia hiltzen dituzte.

Europar Batasunak eta Nazioarteko Baleontzien Batzordeko kide diren estatuek 2021ean Faroen Gobernuari eskatu zioten "baleen eta izurdeen ehiza zaharkituari berehala amaiera emateko". Urte hartan 1.428 zetazeo hil zituzten egun bakar batean. Halere, kasurik egin ez eta pasa den urtarrilaren 10ean egin zuten aurtengo lehen Grindadráp-a.

"Hastapenean, duela mende asko zentzua izan zezakeen. Animaliak harrapatzeko arrakasta-ratioa askoz txikiagoa zen, eta uharteetan bizi zirenentzat eskuragarri zegoen elikadura-iturri bakanetakoa zen", dio Watson fundazioko Cristina Gimenok. Egun, ordea, "ez du batere zentzurik", eta gogorarazi du biztanleko errentarik altuena duen munduko lekuetako bat direla Faroeak, eta langabezia-tasa %1 ingurukoa dutela. "Ez dute inolako beharrik hori egiteko".

 Sea Shepherd