argia.eus
INPRIMATU
Balea bat hil dute gizakiak itsasora botatako plastiko zatiek
  • Aspaldi ohartarazi zuten talde ekologistek eta hainbat ikerketek gizakiak itsasora botatako hondakin plastikoak eragiten ari diren triskantzaz. Horren froga gordina Norvegiatik etorri zaigu: balea baten sabelean 30 poltsa, litxarreria zorro eta bestelako plastikozko hondakinak aurkitu dituzte.

Axier Lopez @axierL 2017ko otsailaren 14a

Suhiltzaileek aurkitu dute Cuvier moko-balea Sortra irlako kostaldean. Bi tonako balearen gorpua museora eroan aurretik, Blomsterdalengo unibertsitateko estazio biologikora eraman dute beharrezko azterketak egitera. Han deskubritu dituzte urdailean pilatutako 30 poltsa, litxarreria, ogia edo txokolatea biltzeko erabiltzen diren zorro eta bestelako plastikozko hondakin baino gehiago. Baleak oso koipe gutxi zuenez eta urdailean janari hondakinik ez dutenez aurkitu, zoologoek ondorioztatu dute goseak hil dela. Baleak luzez sufritu duela adierazi du Terje Lislevand zoologoak: “Oso tristea da bere heriotza, plastiko hondakinak sabelean gutxika-gutxika pilatu dira, harik eta bere urdaila guztiz blokeatu duten arte. Gosez hil da”.

Urtero 8 milioi tona zabor itsasora

Itsasoetako kutsadura urtetik urtera handitzen ari da, eta Ellen MacArthur Fundazioaren azken txostenaren arabera plastikoz beteko dira ozeanoak 2050erako. Davoseko Forum Ekonomikoan aurkeztutakoaren arabera, plastikozko botilen %5 soilik birziklatzen da, eta %40k zabortegi eta ozeanoetan bukatzen dute. Txostenaren arabera, gutxienez 8 milioi tona plastikok itsasoan bukatzen dute: “Minuturo kostaldean zabor kamioi bat hustearen pareko”. 2025erako aurreikusi dute hiru tona arraineko tona bat plastiko izango dela, eta 2050ean plastiko gehiago egongo dela itsasoan bizidunak baino.

Argazkia: Terje Lislevand
Argazkia: Terje Lislevand

 

Argazkia: Terje Lislevand
Balearen urdailean aurkitu dituzte plastikozko hondakinak. Argazkia: Terje Lislevand
Argazkia: Christoph Noever (Universitetet i Bergen)