60.000 euroko fidantza jarri dio Pablo Llarena Auzitegi Nagusiko epaileak eta libre utzi du ERCko idazkari nagusia. Urriaren 1eko antolaketaren goi mailako taldean egotea leporatu dio. Marta Pascal PdCATeko buruzagia libre utzi baldintzarik gabe.
Hasiera batean ez zen aurreikusten kautelazko neurririk, baina azkenean fiskaltzak baldintzapeko askatasuna eskatu du; akusazio partikularra daraman Vox alderdiak espetxeratzea.
Rovirak onartu egin du bazuela erreferendumaren antolaketaren berri eta Carles Puigdemontek deitzen zion bilera guztietara joaten ahalegintzen zela. Alabaina, independentzia aldarrikapena sinbolikoa izan zela esan dio epaileari, argi erakutsiz, auzipetu guztiek ez dituztela irizpide berberak erabiltzen epaileari beren jarduera azaltzerakoan.
Kataluniako Legebiltzarreko Mahaiko kideei 25.000 euroko fidantza jarri zien Llarenak, salbu eta Carmen Forcadelli, Mahaiko lehendakaria izateagatik 200.000 jarri baitzizkion, eta gainera, dirua jarri arte gau bat espetxean pasatu behar izan zuen.
Marta Pascal PdCATeko buruzagiak ere goizean zehar deklaratu du eta epaileak baldintzarik gabe utzi du libre. Bihar Artur Mas lehendakari ohia eta Neus Lloveras AMIko (Udalerri Independentisten Elkartea) lehendakariaren txanda izango da, eta asteazkenean CUPeko Ana Gabrielena.