Zinemaren industriak dakarren burrunbak eta nazioarteko izarren distirak (aurten lausoagoa AEBetako gidoilari eta aktoreen greba historikoa dela eta) askotan itzaletara kondenatzen ditu asmo zein iraupenean apalagoak dituzten lanak. Horregatik, gaurkoan, film-luzeen kategoriatik at ibiliko naiz Contadores, Aunque es de noche eta Mamántula filmekin batera.
Irati Gorostidik sinatzen du Contadores film-laburra. 1978ko fabrika donostiarrera garamatza, sinatzear dagoen metalaren hitzarmenaren harira, langile grebalarien kezka eta itxaropenak ezagutzera. Bi une erabakigarri jasotzen ditu filmak. Lehena, bizi-proiektu alternatiboei buruz langile gazteen arteko elkarrizketa. Bigarrena, interesgarriena, lanaldiko atsedenaldian grebalariek hitzarmen berria onartu edo ez erabaki behar dutenekoa. Kaleidoskopio baten antzera, langile guztien aurpegi eta ekarpenak ezagutzera ematen ditu eszena dinamikoak. Bikain islatzen da asanbladako jarrera ezberdinen talka, tentsio giroa eta, bereziki, hartu beharreko erabakiaren muntak grebalariengan sorrarazten duen ardura.
Trantsizio osteko bizimodu komunitarioei buruzko ikerketaren fruitua da Contadores, bai eta proiektu luzeago baten aitzindari. Etorkizuneko lanak, Anekumen izenburukoak, sindikatuen indar-hartzeaz desengainatuta, mendian komuna sortuko duten beharginen istorioa izango da.
Aunque es de noche film-laburra Madrilgo La Cañada auzo pobrean dago kokatua; han bizilagunek ia hiru urte daramatzate argindarrik gabe. Guillermo García Lópezek zuzendutakoak auzoko bi umek elkarrekin emango dituzten azken egunen lekuko bihurtzen gaitu, hamabost minutuz, bideoekiko haien zaletasuna, auzoko bizimodua eta bi gaztetxoen harremanaren etorkizuna marraztuz joango da.
Hain motza izanik, erakusten zaizkigun gertakariek zeharo baldintzatzen dute zintaren norabide eta tempoa. Zentzu horretan, pena da filmak bi umeen eguneroko bizitzan denbora luzeagoaz eteteko parada ez edukitzea. Ardatz diren gertakariak berak baino interesgarriagoak iruditu zaizkit familiarteko kondairak, protagonisten harremana zein auzoko gazteen dinamika. Aunque es de noche-k ezinbestean ekarri dit gogora 2020ko Zinemaldian aurkeztu zen La última primavera paregabea, hori ere La Cañadako familiekin batera grabatutakoa.
"Inork ez zuen ulertzen zure sabeleko magnolia ilunaren usaina. Inork ez zekien martirizatzen zenuenik maitasunaren kolibria zure hortz artean" idatzi zuen Lorcak. "Felazioak eginez pozoi hilgarria ziztatzen duen armiarma-gizon estralurtarraren istorioa" erantzuten du Ion de Sosak. Aldea badago, noski, baina Lorcaren bertsoei bezala, iluntasun sentsuala dario Ion de Sosa donostiarraren thriller entomologiko aztoragarriari: Mamántula-ri.
Krimenaren agertokian, biktimen tripa eta azal likatsuak soilik uzten dituen hiltzaile misteriotsua da Mamántula. Atzetik ditu gabardinadun bi polizia, pertsonaia karismatikoak. Haiek ere, ikusleek bezalaxe, ez dute gertatzen ari denetik ezertxo ere ulertzen. Izerdi, odol eta semenarekin nahasten diren efektu bisual (nahita) kaxkar eta gidoi guztiz lotsagabearen bidetik, esplizitua eta zikina izateko nahia erdiesten du filmak. Aldi berean, ordea, kutsu aseptiko eta zorrotza ere badu, muntaketan, bazkalosteko thriller eskandinaviarrak gogorarazten dituzten irudi hotz urdinduetan eta umore lehorrean ordezkatua.
Aretoan, orotarikoak izan dira filmak jaso dituen erantzunak. Batetik, bere asteko arratsalderik dibertigarriena pasatzen ari zela zirudien ikuslearen barreak; bestetik, proiekziotik hanka egin duen bikote nagusiaren zurrumurru akusatzailea. Argi dago zuzendaria nahieran dibertitu dela film honen sorkuntzarekin eta nik, behintzat, gustura erosten dut de Sosaren rara avis-a. Tira, rara aranea hobe.