argia.eus
INPRIMATU
Bakerik ez alderdien artean: bake ponentzia atzeratu dute
  • Eusko Legebiltzarreko bake eta bizikidetza ponentziaren hasiera atzeratzeko eskatu du ohar baten bidez Bakartxo Tejeria (EAJ) Parlamentuko zuzendariak, atzoko batzarrean izandako eztabaida giroak bultzatuta. Ponentzia atzo bertan hastekoa zen. “Ahalik eta azkarren egingo” dela agindu du, “denok bake eta bizikidetzarako oinarriak finkatzeko prest gaudenean”.

Lide Hernando @lidehernando 2013ko martxoaren 15a
Nerea Llanos PPko legebiltzarkidea atzoko batzarrean (argazkia: elpais.com)

Batzarrean alderdien arteko kritikak egon dira, horietako asko PP eta UPyDkoek EH Bilduren kontra egindakoak. Laura Mintegi koalizioko bozeramailea kritikatu dute “Parot” dotrinaren inguruan hitz egitean “preso politiko” hitza erabiltzeagatik eta Fernando Buesa, ETAren atentatu batean hildako PSEko buruzagi ohiari eginiko omenaldian “oso lasai” egoteagatik. Mintegik ezeztatu egin du azken hori. PPk eta UpyDk ETAren jarduera gaitzesteko ere eskatu diote.

PSEko bozeramaile José Antonio Pastorrek Tejeriaren ponentzia atzeratzeko erabakia onetsi du, ez baitago “klima batere egokirik horretarako”. Pastorrek ere Mintegiren adierazpenak kritikatu ditu, Buesaren heriotza “politikoa” izan zela esan izanagatik, batez ere.

Joseba Egibar EAJko bozeramaileak bake ponentziak “egoera lasaia” eskatzen duela azpimarratu du, atzo egon ez zena. Mintegiren hitzak “zoritxarrekoak” izan zirela esan du. PPren kontra ere egin zuen, ponentziaren sorrera oztopatzeko “preso politikoen aitzakia erabiltzeagatik”.

Mintegik, bestalde, bake ponentzia bezalako lan garrantzitsu baten atzerapena “deitoragarria” dela esan du. EH Bildu “errespetua eta dialogoa” eskaintzen jarraituko duela gogoratu du, eta Euskal Herriak jasandako biolentziak oinarri politikoa duela azpimarratu du.