argia.eus
INPRIMATU
Bakerako Europako Funtsaren 450 miloi erabiliko dituzte Ukrainari armak bidaltzeko
  • Europako Batzordeak 450 milioi euroko inbertsioa bideratuko du armen erosketa finantzatu eta Ukrainara bidaltzeko. Hilgarria ez den materialerako 50 miloi gorde ditu. Eusko Jaurlaritzak bat egin du armak erosi eta bidaltzeko proposamenarekin.

Axier Lopez @axierL 2022ko martxoaren 03a
Ukrainiar boluntarioak haien armak txukuntzen otsailaren 26an, Kieven. Argazkia: Getty Images

Europar Batasuneko 27 herrialde kideek erabaki historikoa hartu dute, defentsa estrategian aldaketa esanguratsua ezarri duena: armak erosi eta EBtik kanpoko herrialde bati oparituko dizkiote. Horretarako, Bakea Sustatzeko Europako Funtsa (sic) erabiliko dute. 5.692 milioi euroko funtsa da. EBren aurrekontutik kanpo finantzatzen da, estatu kideek zazpi urterako (2021-2027) egindako ekarpenekin. Diru horrekin Europako atzerri eta segurtasun politikei lotutako ekimen guztiak diruz babesten dituzte, defentsari eta arlo militarrari dagozkienean. Orain arte prestakuntza militarrerako edo hilgarria ez den materiala erosteko laguntza-programak baino ez zituen finantzatu, gehien bat Afrikan Europak zituen zenbait kolonia ohitan, Malin, Afrika Erdiko Errepublikan edo Mozambiken kasu.

Europako Batzordeak Bakerako Europako Funtsetik 500 milioi euroko "laguntza multzoa" bideratuko du, Ukrainako indar armatuen gaitasuna indartzen laguntzeko, haiek "Ukrainaren lurralde-osotasuna eta subiranotasuna defendatu eta biztanleria zibila babes dezaten".

Donetskeko Errepublikako militar bat Ukrainako armadak Donetsk hirian botatako misil baten aztarnei begira otsailaren 26an.
Argazkia: A. Ermochenko / Reuters

Partida horretatik 450 milioi armak erosteko bideratuko dituzte. Mekanismo hori erabilita, lehen aldia da EBk bizirik dagoen horrelako gatazka armatu batean parte hartuko duena. Estatu kideek erosiko dute gerrarako material hori, eta ondoren, gastu hori funtsaren bidez itzuliko zaie. Ondorengo herrialdeek erosi eta bidaliko dituzte armak Ukrainara: Espainia, Frantzia, Alemania, Belgika, Eslovenia, Estonia, Grezia, Letonia, Lituania, Herbehereak, Polonia, Portugal, Txekiar Errepublika eta Errumania. Europako Soilik hiru herrialdek –Austriak, Irlandak eta Maltak–  erabaki dute plan horretan ez parte hartzea, baina ez dute betorik jarri eta hilgarria ez den materialaren erosketan parte hartzen ari dira. Europa Batasunekoak ez diren beste herrialde batzuk ere ari dira gerraren alde bati armak bidaltzen: Kanada, Ameriketako Estatu Batuak eta Erresuma Batua.

Jaurlaritza armak bidaltzearen alde

"Bakerako Europako Funtsa aktibatzea babesten dugu, EBk defentsarako eta erasorako armak eman diezazkion Ukrainari", adierazi du Espainiako presidente Pedro Sanchezek kongresuan. Espainiako gobernuaren ildoarekin bat egin du Eusko Jaurlaritzak, eta armak Ukrainara bidaltzea ontzat jo du. EAJko Aitor Estebanek ondokoa adierazi du:"Kanpainako ospitaleekin, bendekin eta balen aurkako txalekoekin ezin zaio aurre egin Errusiak aldebakartasunez egindako erasoari".