argia.eus
INPRIMATU
Bakegileek fase berri bat abiatuko dute urtarrilaren 8ko manifestaziotik aurrera
  • Ekintza “indartsuagoak eta determinatuagoak” iragarri dituzte, euskal presoen auziaren konponbidean Frantziako Gobernuaren “borondate eza” ikusita.

Leire Artola Arin 2021eko abenduaren 07a
Hiriburun aurkeztu dute Bakegileek fase berria. / Argazkia: Bakegileak.

Fase berri bati ekingo diotela jakinarazi dute Bakegileek, abenduaren 4an Hiriburun (Lapurdi) egindako agerraldian. Gatazkaren konponbidean, herritar eta eragile guztien “indarrak biltzera” deitu dute, fase berrian boluntario bakoitza “ahal den heinean” engaiatuta; urtarrilaren 8an Baionan egingo duten manifestazioa izango dute abiapuntu, eta bertan fase berrira atxikitzeko aukera egongo da. Aurreratu dute hiru zutabetan hasiko dutela manifestazioa, 15:00etan: Laugatik, tren geltokitik eta Euskaldunen plazatik abiatuta, denak elkartuko dira aurrerago jakinaraziko duten leku batean.

“Ekintza indartsuagoak eta determinatuagoak” iragarri dituzte aldi berrirako, Frantziako Gobernuaren “borondate eza” ikusita: “Ez zaio inongo konponbiderik eman preso eta iheslariek aurre egin behar dizkieten arazoei. Ez dugu inongo borondaterik ikusten presoen egoerari aterabiderik emateko, eta, bereziki, erran dezagun, Jon Parot eta Jakes Esnalen kasuan”. Gogorarazi dute 31 urte daramatzatela preso biek eta, egun, 70 urte baino gehiago dituztela. Unai Parotek ere 31 urte daramatza espetxean, eta 63 urte ditu.

Halaber, Bakegileek nabarmendu dute “perspektiba berriak” irekitzen dituztela Espainiak emandako presoen hurbilketek eta gradu aldaketek, baita Frederic Haranburu Xistor duela urtebete Parisko Dei Auzitegiak baldintzapean aske utzi izanak ere. Euskal presoen auzia konpontzeko ordua dela aldarrikatu dute: “Ez dugu gibel eginen. Ez dezatela pentsa, orain arte egin den guztiaren ondoren, amore emango dugunik”.

Hitzetatik ekintzetara

Emmanuel Macron Frantziako presidenteari “hitzetatik ekintzetara” pasatzeko eskatu diote. Izan ere, 2019an presidenteak G7ko Miarritzeko goi-bileran adierazi zuen Euskal Herria “gatazkaren konponbidean eta armagabetzean adibide bat” dela harentzat, eta onartu zuen estatuaren eginbeharra “mugimendua laguntzea” dela. Bi urte beranduago, ekintzak galdegin dizkiote Bakegileek.

Bideo honetan iragarri dute fase berria: