argia.eus
INPRIMATU
Bakegileek ETAren armagabetzeari buruzko Jaurlaritzaren bertsioa gezurtatu dute, aktak erakutsiz
  • ETAren armagabetzean 2017ko urtarriletik apirilera gertatutakoen beren bertsioa eman dute bakegileek, Baionan astelehenez egindako agerraldian. Eusko Jaurlaritzak armagabetzeaz egin zuen kontakizuna “faltsua eta interesatua” izan zela adierazi du Noel Etxeberri Txetx bakegileak, eta egindako kontakizuna gaitzetsi du. Jaurlaritzak bakegileengan inoiz konfiantzarik ez zuela izan azaldu du. Armagabetze prozesuari buruzko dokumentu mardula aurkeztu dute.

ARGIA @argia 2024ko abenduaren 16a
Bakegileak armagabetze eremuak erakusten.

Luhusoko atxiloketen zortzigarren urteurrenaren egunean, prentsaurrekoa eman dute bakegileek, gertatutakoaren beren bertsioa emateko, Berriak jaso duenez. Eusko Jaurlaritzak 2019an, ETAren armagabetzean eta desegitean Eusko Jaurlaritzak egindakoaren deskribapena eta balorazioa txostena argitaratu zuen. Horren ondoren, Mixel Berhokoirigoin eta Noel Etxeberri bakegileek agiria plazaratu zuten Jaurlaritzaren bertsioarekin ados ez zeudela adierazteko. Orduko hartan esan zuten bi aldeen arteko bilkuren berri emango zutela momentua heldutakoan. Orain eman dute pauso hori eta 68 orrialdeko txostena prestatu dute, puntuz puntu Eusko Jaurlaritzaren hainbat balorazio eta esan gezurtatzeko. Bilkuretako edukiak ere txostenean daude: Bakegileen azalpena ETAren armagabetzearen azken faseko gertakari errealei buruz.

Gezurrak, eta “izan ez zuen rola” bere buruari aitortuta

Bakegileek diote “Frantziako Gobernuak izan zuen rola bere buruari egotzi” diola Jaurlaritzak, "modu pixka bat patetikoan”. Bakegileek azaldu dutenez, Frantziako Gobernuak armagabetzea egiten uztea erabaki zuen eta Espainiako Gobernuari jakinarazi zion.

Gaitzetsi dute Eusko Jaurlaritzak iradoki izana apirilaren 8ko eguna antolatzeko negoziaketetan eragin zutela. Bakegileek komunikazio bide zuzena zuten Parisekin.

ETAren armagabetzea apirilaren 8an egingo zela Le Monde egunkarian iragarri zuten eta bakegileek kritikatu dute Jaurlaritza iragarpen hori oztopatzen saiatu zela.

Armagabetzeari dagokionez, Jaurlaritzak esan zuen bakegileen asmoa zela armen “suntsiketa eta garbiketa”, eta hala egin izan balute “delitu larriak leporatu ahal izango” zizkietela. Bertsio hori gezurtatu dute bakegileek eta azaldu dute armak “neutralizatzeko” materiala baizik ez zutela erabili. Jaurlaritzak txostenean jaso zuenez, ETAren eta bakegileen asmoa zen Luhusokoa moduko operazioak errepikatzea. Bakegileek azaldu dute Iñigo Urkullu lehendakariari jakinarazi ziotela “zerbait masiboagoa eta denboran kontzentratuagoa” egiteko asmoa zutela. Bestalde, bakegileek gaitzetsi dute Jaurlaritzak esan izana hasieran apirilaren 8rako “festa” bat antolatu nahi zutela eta Jaurlaritzak konbentzitu zituela horrela ez egiteko. Hasieratik “mobilizazio duin bat” aurreikusi zutela diote bakegileek, “alde bakoitzeko biktimak eta sufrimenduak errespetatuko zituena”.

Desadostasun handiena behatzaileen tokiak eragin zuen. Bakegileek diotenez, Jaurlaritzak ez zuen nahi herritarrak armak entregatzeko lekuan egoterik, eta hala jaso zuen momentuaren berri txostenean: “Frantziako Polizia biltegietara hurbildu zen haien kontrola hartzera. Kokapen horietan talde txikiak zeuden operatiboa behatzen, distantzia batera eta Poliziaren kontrolpean. Zorionez, ez zen istilurik izan”. Berriak Frantziako Polizia gordelekuetako batera ailegatu zeneko bideo baten berri eman du, bestelako bertsioa ikusarazten duelako: poliziaburuek behatzaileak agurtu zituzten eta denei eskua ematen zieten.

Manu Robles Arangiz Fundazioak dokumentua puntuz puntu laburtu du:

  • Historiaren berridazketa interesatua: Bakegileek baieztatzen dute Eusko Jaurlaritzaren txostenak armagabetze-prozesuaren bertsio partziala eta faltsua eskaintzen duela, Bakegileen ekarpena minimizatuz eta Eusko Jaurlaritza izan ez zen aktore zentral gisa aurkeztuz.
  • Luhusoko Operazioari buruzko desadostasuna: Eusko Jaurlaritzaren txostenak Luhusoko operazioa porrottzat jotzen duen bitartean, Bakegileek diote funtsezkoa izan zela armagabetze-prozesua desblokeatzeko eta Frantziako eta Espainiako gobernuen jarrera aldatzeko.
  • Eusko Jaurlaritzaren rola negoziazioetan: Eusko Jaurlaritzaren txostenak Frantziarekiko negoziazioetan paper bat esleitu nahi dio bere buruari, baina Bakegileek argitu dute Parisekiko eztabaidak zuzenean egin zirela prefektuekin eta Frantziako ordezkariekin, ez euskal bitartekariekin.
  • Bakegileen asmoei buruzko akusazio faltsuak: txostenak Bakegileei faltsuki leporatzen die 2017ko apirilaren 8an manifestazio-festa bat antolatu nahi izatea eta armak suntsitzeko asmoa izatea, baina, egia esan, beti sustatu zuten biktimekiko mobilizazio duin eta errespetuzkoa, bai eta armen entrega kontrolatu eta egiaztagarria ere.
  • Bakegileen planaren gaitzespena: Eusko Jaurlaritzak hasiera batean Bakegileen plana "irrealista" eta "arduragabetzat" jo zuen, baina gertakariek erakutsi zuten erabateko armagabetzea istilurik eta atxiloketarik gabe lortzeko modu bideragarri bakarra izan zela.
  • Frantziako Gobernuarekiko harremana: Bakegileek diote Frantziako Gobernuarekin Eusko Jaurlaritzarekin baino harreman arinagoa eta konstruktiboagoa izan zutela. Izan ere, Eusko Jaurlaritza mesfidati eta uzkur agertu zen Bakegileek Frantziako agintariekin hitz egiteko duten gaitasuna aitortzeko.
  • 2017ko apirilaren 8ko jardunaldiari buruzko desadostasunak: Bakegileek Eusko Jaurlaritzari leporatzen diote apirilaren 8rako planean aldaketak ezartzen saiatzea.
  • Prozesuaren legezkotasunari buruzko baieztapen faltsuak: Urkulluren txostenak iradokitzen du Bakegileek ez zutela desarmearen legezkotasuna errespetatu, eta hauek, berriz, diote Frantziako gobernuaren jarraibideak jarraitu zirela, eta, nahiz eta ekintza batzuk legezkotasunaren mugan egon, ekintza horiek indarkeria saihesteko eta helburua lortzeko justifikatu zirela.
  • Errekonozimendu eta babes falta: Bakegileek adierazi dute Eusko Jaurlaritzak ez duela aintzat hartzen eta babesten bere lana, nahiz eta Frantziako gobernuaren eta beste erakunde batzuen  ordezkariek aitortu zuten Bakegileek berebiziko garrantzia dutela erabateko armagabetzea, egiaztatua eta indarkeriarik gabea, lortzeko.
  • Leialtasun falta: Eusko Jaurlaritzak 2017ko apirilaren 8ko armagabetze-egunerako Bakegileek prestatutako formatu operatiboa komunikabideei filtratu zien. Filtrazio honek Bakegileek Jaurlaritzarekiko konfiantza galtzea eragin zuen, eta handik aurrera ezin izan zioten informazio erabakigarririk partekatu.
  • Baldintza gero eta handiagoak: Bakegileek Eusko Jaurlaritzak ezarritako baldintza guztiak betetzen zituztenean, Gobernuak baldintza berriak gehitzen zituen, beti pauso gehiago eskatuz. Hau Bakegileentzako oztopo nagusia bihurtu zen, eta Jaurlaritzarekin lan harremana ia ezinezkoa bilakatu zuen. Frantziako Gobernuak ez zuen horrelako jokabiderik izan, eta konfiantzan oinarritutako elkarrizketak egin zituen.
  • PPrekiko mendekotasun izugarria: Bakegileek diote Eusko Jaurlaritzak PPren gobernuari eta Mariano Rajoyri sinesten ziela, nahiz eta Espainiako Gobernuak gezurrak esaten zituela eta prozesua atxiloketekin oztopatu nahi zuela jakina zen. Rajoyk eta Urkulluk izandako elkarrizketen ondoren, Eusko Jaurlaritzak urduritasun-egoeran jardun zuela dirudi. Rajoyk Frantziako Gobernuari buruz esaten zituenak ez zetozen bat Bakegileek Frantzian zuzeneko elkarrizketetan entzuten zutenarekin. Honek Jaurlaritzaren posizioa ahultzen du eta prozesuaren kontrola galtzea dakar.
  • Ikuspegi falta eta norabide argi gabezia: armagabetzea gauzatzen ari zen azken egunetan, Arkauten, astearen antolaketa antzu batean zentratu zen Eusko Jaurlaritza, bitartean Frantziako gobernuak eta Bakegileek prozesuaren nondik norakoak elkar jartzen zituztenean. Aktore politiko eta sindikal nagusiek armagabetzea babesten zuten eta Nafarroako eta EAEko Parlamentuek ere oniritzia eman zuten. Jaurlaritzak, aldiz, bere burua korronte horretatik kanpo utzi zuen eta galdu egin zuen prozesuan bere esku-hartze positiboa kapitalizatzeko aukera ere.
  • Iparraldearekiko eta Bakegileekiko mespretxua: Eusko Jaurlaritzak ez zuen sinesten Bakegileek Frantziako Gobernuaren goi mailako ordezkariekin harreman zuzena eta sarbide zuzena izan zezaketenik. Jakina da Gasteizko Gobernuaren kudeaketa-eredua bereziki urrun dagoela gizarte zibilaren parte-hartze naturaletik, eta horrek prozesu osoan ulermen-falta eragin zuen, Jaurlaritzaren estrategia osoa baldintzatu zuelako, errealitatea ulertzeko eta bereganatzeko gaitasunik gabe utziz.