argia.eus
INPRIMATU
ETAren desarmea lagundu zuten bakegileak errudun jo ditu Parisko auzitegiak, baina zigorrik gabe
  • Hobengabetzea eskatzen zuten bakegileek, baina Parisko Zigor Auzitegiak errudun jo ditu Jean Nöel Etcheverryi Txetx eta Beatrice Molle Luhusoko armagabetzean parte hartu zuten bakegileak. Hala ere, ez dute zigorrik izango.

ARGIA @argia 2024ko maiatzaren 16a

Parisko Zigor Auzitegiak ostegun eguerdian eman du bakearen artisauen auziaren epaia, eta errudun jo ditu. Epaiketan zehar, prokuradoreak, Jean Nöel Etcheverry Txetx eta Beatrice Mollerentzat "zigor errukigarriak" eskatu zituen. Hala, lehen informazioen arabera, bi bakegileek ez dute zigorrik izango.

Defentsak hobengabetzea eskatu zuen auzi-saioetan, baita Bake Bideak ere: "Uste dugu hobengabetze batek bakarrik emango liokeela benetako zentzua Luhusoko ekintza historikoari", azaldu zuten. Etcheverryk berak zioen, zigor batek bakegileek egindako lanaren memoria zinkitzea ekarriko lukeela.

Baina epaimahaiak prokuradoreen iritziari egin dio kasu, nahiz eta apirilaren 2an eta 3an egindako saioetan testigantzek argi eta garbi utzi bakegileen lana "epaitu beharrean, bakegileek gure aitortza merezi" dutela.

Nolanahi ere, bakegileak pozik agertu dira epaiarekin: "Errudun jo gaitu, baina zigorra bertan behera utzi du kondena, gure helburua ez baitzen arma horiek beste delitu batzuetarako erabiliak izatea, horiek neutralizatzea baizik, Euskal Herriko bake prozesua bultzatzeko", esan du Etheverryk. Hala, Berria-ko Ekhi Erremundegik informatu duenez, ez dute helegiterik jarriko.

Xantiana Cachenaut defentsako abokatuetako batek ere, Kazeta.eus-i azaldu dio ontzat ematen dutela epaia, "errekonozimendu" bat ere badelako beraien iritziz.

Bake Bideaken esanetan, "erne" egongo dira datozen hamar egunetan Terrorismoaren Aurkako Fiskaltzak helegiea jartzen ote dion epaiari eta dei egin dio ministerio publikoari, "zentzuan jardun dezan eta ez dezan helegiterik aurkeztu".

Mugimenduak ohar bidez adierazi du ezinbesteako dela, "epaitegietako erabakietatik harago antzina egitea" bake "justu eta iraunkor" baten markoan kokatzeko. Horretarako baina, agintari politikoen eta gizarte zibilaren inplikazioa beharrezkoak direla iritzi du Bake Bideakek.

Etcheverry eta Molleren aldeko agiria sinatu zuten 5.000 pertsonak. Horien artean ziren Frantziako Gobernuko zortzi ministro ohi, 35 parlamentari eta Euskal Herriko arduradun politiko ugari ere.