argia.eus
INPRIMATU
Bake Foroa: armagabetzea eta elkarbizitza azaltzeko unea
  • Tendentzia politiko ezberdinetako herritar eta hautetsi anitz bildu da Miarritzen, "armagabetzea, bake prozesuaren zerbitzura" deitu foroaren kari. Armagabetze prozesuaz eta zehazkiago apirilaren 8ean burutuko den ETA egituraren armagabetzeaz aritzeko unea izan da.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2017ko martxoaren 19a
Argazkia: Jenofa Berhokoirigoin

Apirilaren 8ari begira burutu dute Miarritzen egondako Bake Foroa. Hain zuzen, horrek du poztu Anais Funosas Bake Bidea egiturako lehendakaria: "Guretzat hunkigarria da ikustea eramaten ditugun gogoetak gauzapen konkretuetan gorpuzten direla". Ostiralean jakin zen ETA egituraren armagabetzea egingo dela apirilaren 8ean. Abenduan Luhuson atxiloturiko Mixel Berhokoirigoinek hitzartzean zehaztu duenez, "gardena" eta "publikoa" izango da ekimena.

Frantziako gobernuaren partetik dagoen inplikatzeko errefusa ikusirik, jendarte zibilak, hautetsiek eta instituzioek buruturiko armagabetzea izango dela baieztatu du: "Bakoitzak du bere eginkizuna, ez da hierarkiarik bat ala bestearen artean, guztion partehartzea behar dugu, bat faltan izanez gero prozesua maingu izango delako". Hala eta guztiz ere, ateak zabalik dituzte eta Frantziako Gobernuak inplikatu nahiz gero, besoak zabalik onartuko dute. "Atea irekia da eta gobernuak badaki, beraz apirilaren 8a aitzin badu oraindik aukera prozesuari lotzeko", Michel Tubiana bake artisauak azaldu duenez.

Izan barda Kolonbiako armagabetze prozesuaz hitz egiterakoan, izan gaur Euskal Herrikoaz aritzerakoan, argi gelditu den beste elementu bat dugu ondokoa: armagabetzea bake prozesuaren zati bat dela eta biktimen aitortza eta elkarbizitzaren erronka lortzeko balio behar duela. "Apirilaren 8a egun garrantzitsua izango da, gure geroaren eta elkarbizitzaren oinarri sendoak eraikitzeko eguna izango da, datorren belaunaldiek ezagutu dugun gatazka ez dezaten bizitu", Funosasen hitzetan.

Hau dela eta, armagabetzea baino urrunago begiratuz, presoak, erbesteratuak eta orokorki biktima guztiak ukan dituzte gogoan, behin baino gehiagotan.

Txalo bero eta luze artean bukatu zen foroa eta ezker eskuin entzuten ahal zenez, momentu mamitsu eta garrantzitsu bat bizitu izanaren sentimenduarekin atera ziren bertan egondakoak.