argia.eus
INPRIMATU
Bake Bidearen ekimenez ‘Txetx’ Etxeberri eta Beatrice Molle-Haran bakegileen errugabetzea eskatuko dute
  • Apirilaren 2an eta 3an epaituko dituzten ‘Txetx’ Etxeberri eta Beatrice Molle-Haran bakegileen errugabetzea eskatu dute 200 bat lagunek eta ETAren armagabetzea bideratzeko eginiko “desobedientzia ekimena”, zilegi izan zela aldarrikatu nahi dute.

Ainara Rodil Jaime 2024ko martxoaren 18a

Larunbatean, euskal gizartearen ordezkaritza bildu da Luhuson, Bake Bideak egindako deialdiari erantzunda. ETAren arma multzo bat indargabetzen lagundu zuten, 2016ko abenduaren 16an, Mixel Bergouignanek, Mixel Berhokoirigoinek, Michel Tubianak eta Jean-Noel ‘Txetx’ Etxeberrik, kameraria den Stephane Etxegarairen laguntzarekin, Beatrice Molle-Haranen etxean, Luhuson.

Mobilizazioak apirilaren 3an

Bake Bideak “Euskal Herriko bake iraunkorraren aldeko parioaren onarpena galdegiteko”, apirilaren 3an, Maule, Donibane-Garazi, Baiona, Donostia, Bilbo, Gasteiz eta Iruñean biltzera deitu ditu “errugabetzea Euskal Herrian aro berri bat behin betiko irekitzeko deialdi anitzarekin bat egiten duten guziak”. 12:00etan da deialdia Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta 19:00etan Ipar Euskal Herrikoetan. 2016ko abenduko gertakariak eta ondotik etorri den prozesu luzea oroitu dituzte agerraldian.

Ordezkaritza

Iragan urtarrilaren 18an bi auzipetuen sostenguz abiaturiko kanpainak jadanik 5.000 sinadura baino gehiago bildu ditu. Etxeberri eta Molle-Haran errugabetzea eskatzen duen manifestuarekin bat egin dute, hala nola, zortzi ministro ohik, 35 bat parlamentarik eta dozenaka auzapezek.

Bi bakegileen kontrako auziak inolako zentzurik ez duela adierazteko izan ziren Luhuson Parisen parlamentari diren Vincent Bru, Max Brisson, Iñaki Echaniz eta Frederique Espagnac, baita Madrilgo kongresuko diputatu Mertxe Aizpurua ere.

Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari Jean-Rene Etchegaray eta erakundean ordezkaritza duten familia politikoetako kontseilariak ere izan dira ekitaldian. Besteak beste, Daniel Oltzomendi lehendakariordea eta Peio Etxeleku EAJren IBBko burua.