argia.eus
INPRIMATU
Mixel Berhokoirigoin, bakearen artisaua
“Parisera jin behar da: orai edo sekulan da!”
  • Mixel Berhokoirigoin da ETAren armagabetzearekin konprometitu zen bakearen artisauetako bat. Heldu den larunbatean, abenduak 9, horien desmartxari bere sostengua emango diote 10.000 herritar baino gehiagok Pariseraino joanik. Gauzak zertan diren azaldu dio Berhokok ELB sindikatuaren Laborari astekariari.

Laborari 2017ko abenduaren 04a

Hamar mila jende izan daitezke abendoaren 9an Parisen. Ez ote da ikaragarria?

Estimazio bat da. Bi treinak beteak dira, 80 bat autobus badira mementoan [elkarrizketa Laborarik abenduaren 1eko data daraman aldizkarian plazaratu du], beren ber abian diren jendeak ere ainitz dira, eta Parisen berean direnak. Jendea lotu da hitzordu horri. Azken denboretako historio batean sartzen da : Luhusoko ekintzak oihartzun eta sustengu haundia ukan zuen, Baionan 4000 jende bildu ziren zonbait oren barne, Euskal Herri osoan izan zuen eragin, apirilaren 8an armagabetze egunean 20 000 jende izan ziren Baionan... Armagabetzearen ondotik, bake bide batean eraikitzaile eta aktore izan nahi dute euskal herritarrek. Esperantxa bat sortu da. Ordu arte jendea pixka bat desesperatua zen egoera blokatua zelako.

Perspektibarik ez zen ikusten. Bake foruak izan zirelarik Baionan eta Parisen, bi sentimenduekin ateratzen zen jendea: alde batetik baikor, entzun mezu guziak azkarrak baitziren, konfliktuetan berezituak ziren goi mailako pertsonalitateak baitziren eta laguntza proposatzen baitzuten, erranez Estadoak ez balin badira mugitzen ere ez zela desesperatu behar, mementoa jinen zela, atxiki behar zela, etab. Memento berean ez zen deuse ikusten heldu. Armagabetzeak ekarri duen aldaketa horrek berriz esperantza bat ezarri du bidean. Ilusio bat bada eta horren erraitera heldu da jendea Pariserat.

Zertan gira egun bake prozesuan preseski?

Ez dugu nahasi behar nahi ginukena eta errealitatea. Elkarrizketa abiatua da Justizia ministeritzarekin. Zuzendari ordearekin ari gira solasean. Elysée eta Matignon-en baimena eta loturarekin ari dela erran dauku. Diskuzio espazio hori iduri du zintzoa dela, konfiantxa bat lotua dela. Iduri du gogoa eta disposizioak badirela gauzak aldatzeko. Mementoko gaia presoena da, Pariserat abian gira gai horren inguruan. Oraindik alde bakarreko prozesu batean gira. Parioa da martxan emaiten den dinamikak tiratuko duela dena, batek egin urratsak

Zer galdegina da presoen inguruan?

Presoek bizi dituzten salbuespen neurrien kentzea aipatzen dugu. Bizpalau pundu badira: DPS (Détenu Particulièrement Surveillé) estatutua kentzea (baldintza gogorragoak inposatzen dituena zerrenda batean diren presoeri), eri diren presoen libratzea printzipio ofizialek dioten bezala, urrun eta barreatuak diren presoen egoera mahain gainean da ere, bai eta pena luzeak eta baldintza peko askatasuna ukaiten ahal luketen presoen egoera. Horien guzien gibelean badira izenak, jendeak, familien errealitateak...

Lehen jestu konkretu bat izan da zazpi presoeri DPS estatutua kentzea. Lehen urrats bat da.  Badira beste 30 bat oraindik DPS direnak. Gauzak ez direla denak batean eginen erran daukute Justizia ministeritzan. Guk epeak ahal bezain labur ezartzen ditugu bainan mementoan ez da eperik negoziaturik. Zerbait nahi ginuke konkretu urte undarra aintzin. Bestalde lan bat hasiko da biktimeri buruz, biktima guzieri buruz, gai hortan Hegoaldean abiatua duten lanetik ikasiz.

Gobernua sensible da herriaren prezione horri, hautetsiena barne?

Beren barneko motibazioak zoin diren ez dakit xuxen. Bainan herriaren mugimendua eta aniztasuna inportantak dira. Guk hori ezartzen dugu aintzinean. Iparraldearen marka izan da aintzineko gai nagusietan: instituzioari buruz izan diren solasetan ere hor zen aniztasun hori. Indarra eta errextasuna emaiten du ere ministeritzetan sartzeko. Jendartearen aldetik ere konberjentzia haundia sendi dut sektore guzietarik. Indarra emaiten dauku. Hori ez balitz, eginak izan diren urratsek balioa galduko zuten. Gazteen baruraldia, Luhusoko kontzertua, bilkura publikoetan heldu den jendea: sendi da interesa. Horren berri goiti doa eta Parisen badakite.

Parisekoa nola pasatuko da?

Presondegia itzulia egiten ari da mementoan eta martxa hori azkartuko da abendaren 7, 8 eta 9an. Bederatzian, goizarekin helduko da martxa Montparnasserat eta treinak ere harat helduko dira. Ibilaldia hortik partituko da, norat buruz joanen den negoziatzen ari da oraindik. Martxa animatua izanen da, musika eta kantarirekin. Koloretsua eta atraktiboa izanen da, ikusiko eta entzunen da, 10.000 jendekin, oihartzuna haundia behar luke. Eguerditan partituko da, 2 orenak arte, ondotik hitz hartzeak eta fite finituko da, berriz treina eta autobuseri buruz itzultzeko. Pariseko kontseiluak aho batez bozkatu du manifaren onartzea, inportanta da. Parise da poderea, opinionearen fabrika han da, lortzen bada harremana, alde ona da.

Oraindik bada joaiteko manera?

Autobusetan joaitea posible da oraindik. Jin behar da. Orai edo sekulan da! Bake prozesuaren etapa nagusiak Aiete, Luhuso, Baiona eta orai Parise dira. Aiete ez balitz izan, ez zen ondoko izanen, etab. Partida guziak kanporaketak dira. Irabazten den partida bakotxak ondokoaren jokatzea permititzen du. Hutsegiten bada, ez dira berriz egiten diren gauzak.