argia.eus
INPRIMATU
Bake akordioaren aurka egin dute erreferendumean parte hartu duten kolonbiarrek
  • Aurreikuspen guztien aurka, Kolonbiako Gobernuak eta FARC talde gerrilariak lortutako akordioa berrestearen aurkakoek irabazi dute Kolonbian erreferenduma, botoen %50,2rekin.

ARGIA @argia 2016ko urriaren 03a
60.000 botoren aldearekin akordioaren aurkakoek irabazi dute kontsulta. 60.000 botoren aldearekin akordioaren aurkakoek irabazi dute kontsulta.

Bake prozesuaren alde egin dute bozka eman duten herritarren %49,7k. Emaitza botoetara eramanda, 6.424.385 kolonbiarrek akordioaren aurka bozkatu dute eta 6.363.989k alde. Hau da, 60.000 botoren aldearekin irabazi dutela aurkakoek, Alvaro Uribe lehendakari ohiaren inguruan bildutakoek. Uribe Kolonbiako lehendakaria izan zen 2002tik 2010era eta bere agintaldia FARCen aurka izandako gerra jarrera gogorragatik nabarmendu zen.

Beste datu oso esanguratsua partehartzea txikia izan da, botoa emateko eskubidea zutenen %37,4 bakarrik parte hartu baitu kontsultan. Oso esanguratsua izan da, halaber, aurkako eta aldekoan banaketa lurraldean: mende erdiko gatazkak kolpatu dituen eskualdeek bake akordioaren alde egin dute, eta eragin gutxien nozitu duten lurraldeek aurka.

Egoera oso berezia zabaldu da orain eta kolonbiar agintariek ikusi beharko dute nola bideratu prozesua, ez baita aurreikusten akordioaren hausturarik. FARCek adierazi du egoerari aurre egiteko bitarteko baketsuak bakarrik erabiliko dituela.