argia.eus
INPRIMATU
Bake akordioa sinatu dute Kolonbiako Gobernuak eta FARC-EPk
  • 52 urteko gatazka armatuaren ondoren Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak eta Rodrigo Londoña Echevarri Timochenko gerrillako buruak bake hitzarmena sinatu dute Habanan, atzerriko ordezkarien bermearekin. 2012an hasi ziren negoziazioak eta orain su-etena, armak uztea eta adostutakoa betetzen dela egiaztatzeko bide orria adostu dituzte.

Sara Arruabarrena Azkarate @s8ara 2016ko ekainaren 24a
Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak eta Rodrigo Londoña Echevarri Timochenko gerrillako buruak bake hitzarmena sinatu dute Habanan. (Argazkia: Unión Guanajuato)

Bake prozesuaren bermatzaileek ere sinatu dute akordioa, Raul Castro Kubako presidenteak eta Borge Brende Norvegiako atzerri ministroak. Ban Ki-Moon NBEko idazkari nagusia eta, Nicolas Maduro eta Michelle Bachelet Venezuelako eta Txileko presidenteak bertan izan dira.

Bukaerako akordioa sinatzeak esan nahi du FARC-EPk armak alde batera utziko dituela, segurtasuna bermatzeko neurriak hartuko direla eta bakea mehatxupean jartzen duen edonoren kontra egiteko konpromisoa izango dela. Hala ere, bake prozesua ez da amaitu eta akordioa zigilatzeaz gain erreferenduma egin behar da orain, herritarrek adostutakoa babesten dutela ziurtatzeko.

FARC-EPk iragarri du akordioa sinatu eta 180 egunen buruan utziko dituela armak. Gobernuak, gerrillak berak eta nazioarteko ordezkariek egiaztatuko dute neurriak betetzen direla.

FARC-EPko kideak lekualdatuko diren aldi baterako kokalekuak 22 izango dira eta zortzi kanpamentu egongo dira. Gerrillariak ez dira orain arte bezala arituko, hemendik aurrera identifikatu egingo dituzte eta haien armak erregistratu.

Alfredo Molano idazle eta analista kolonbiarrak bakerako funtsezkoak diren gakoak azaldu ditu Contagio irratian, Telesur-ek argitaratu duenez. Haren ustez, bakea egiaztagarri izan dadin atzerriko ordezkariak beharrezkoak dira. Gainera, gerrillarien kanpamentuek gatazka eremuetatik urrun egon behar dute eta segurtasuna hiru mailetan finkatuko da: lehenengo mailan FARC-EPko kideak egongo dira, bigarrengoan atzerriko erakundeak eta azkenik, segurtasun indarrak. Argitu du akordioa sinatzeak ez duela esan nahi dagoeneko bakea gailendu dela, baizik eta neurriak gutxika ezartzen joango direla.