argia.eus
INPRIMATU
Bakarrik sentitzen diren nerabeentzako tailerra antolatuko dute Iruñean
  • Gazteen %21ek bakardade larria du eta ez du lagunarterik. Itxaropenaren Telefonoak emandako datuak dira eta horri aurre egin nahian, laguntza emozionala emateko tailerra antolatu dute Iruñean, 14-18 urte arteko gazteei zuzenduta. Orain arte, 65 urtetik gorako pertsonei zuzentzen zitzaion tailerra, baina gazteen artean osasun mentalak eta bakardadeak okerrera egin dutela antzeman dute.

ARGIA @argia 2023ko urtarrilaren 25

Iruñean, urteko lehen hiruhilekoan emango dute tailerra, bakardadearekin, autoestimuarekin eta harreman sozialekin lotuta. “Ezagutu zeure burua, zu zeu izan” tailerraren helburua da “norberaren ezagutza pertsonala lantzea, bere mundu emozionala, pentsamenduak, sentimenduak eta harremanak arakatuz. Nork bere burua ezagutzen eta besteekin hobeto erlazionatzen ikastea da asmoa, bai eta espazio segurua eta konfiantzazkoa eskaintzea ere, hitz egin eta haien kezkak partekatu ahal izan ditzaten”. Tailerrak hiru hilabete iraungo ditu, astean bi orduko hamabi saiotan, eta gazteen guraso edo tutoreek baimena sinatu beharko dute.

Iruñeko Udalarekin duen hitzarmenari esker egingo du tailerra Itxaropenaren Telefonoak. Gazteei lotutako azterketek erakusten duten errealitateari erantzun nahi diote. Esaterako, Nafarroako Gazteriaren Institutuak osasun mentalari buruzko ikerketa egin zuen, eta horren arabera, COVID-19ak gazteen %54,4ri kalterako eragin dio ongizate emozionalean.