argia.eus
INPRIMATU
Bakarrik itzaliko dira zigarroak
  • Datorren astetik aurrera komertzializatuko diren zigarroek beren kasa itzaltzeko sistema bat eduki beharko dute, utzita geratuz gero sutan jarrai ez dezaten. Arau berriak gaizki itzalitako zigarroek eragindako heriotzen %40 jaitsi nahi du, Europako Batzordeak emandako datuen arabera.

2011ko azaroaren 15a
Zigarroak bakarrik itzaliko dira

Arau hau betetzeko, zigarroaren bi partetan, paperak lodiagoa izan beharko du. Aipatu zatiok zigarroaren erretze prozesua gelditu beharko dute, erabat ito arte. Era honetan, gaizki itzalitako zigarroek suteak eragitea ekidin nahi da. Ingelesez RIP izena duen sistema hau AEB, Kanada, Australia eta Finlandia bezalako herrialdeetan indarrean dago.

Europako Batzordeak emandako datuen arabera, 30.000 sute eragiten dituzte gaizki itzalitako zigarroek. Iaz 1000 pertsona hil ziren hala eta 4.000 pertsona zauritu. Finlandian, neurri hau derrigorrezko egin zenetik, %43 jaitsi dira era honetako istripuetan hildakoak, eta hala, Europar Batasunak urtean 500 pertsona salbatzea espero du.

Sim Kallas, Osasun eta Kontsurako Komisarioak esan zuenez, "ez dago zigarro seguruik, eta argi dago, seguruena ez erretzea da. Hala ere, jendeak erretzea hautatzen badu, arau berriarekin herritarrak era honetako suteetatik seguruago egongo dira". Era berean, Komisarioak aukera baliatu zuen gogoratzeko tabakoa dela osasunarentzat ekidin litekeen arriskurik handiena, eta Europar Batasunean urtean milioi erdi bat pertsonaren heriotza eragiten duela.

Aurten, Santurtzin gizonezko bat hil zen urtarrilean bere etxeak su hartuta, zigarrokin baten ondorioz.