Arabako Landa Inguruneko Emakumeen Sareak herrialdean bakarrik bizi diren pertsonen mapeoa egin du, emakumeei arreta berezia eskainiz. Konfinamenduak eragin latza izan du hainbat kasutan.
Araban %106 igo da azken 18 urteetan bakarrik bizi den populazioa, 42.908 lagun guztira; eta emakumeak dira bakarrik bizi direnen %53 baino gehiago, 23.042 guztira. 84 urtetik gorako bakartien taldean emakumeen nagusitasuna nabarmena da: adin horietan bakarrik bizi diren pertsona guztien %78,2 emakumeak baitira, ia 3.000 emakume.
Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoan Arabako bi udalerri nabarmentzen dira bakarrik bizi diren biztanle zaharrenak dituz- telako: Ekora, bakarrik bizi diren pertsonen %62k 65 urte edo gehia- go dituzte, eta %24k 84 urte baino gehiago; eta Moredan, berriz, %59,3 65 urte edo gehiago eta %22k 84 urtetik gorakoak dira.
Arabako Landa Inguruneko Emakumeen Sareak Arabako Foru Aldundiarekin egindako hitzarmen batean, landa inguruneko «bakardadeen mapeo bat» egin du 2020an, bakarrik sentitu daitezkeen pertsonei laguntzeko abian diren baliabideak eta ekimenak aztertzeko, eta bakardadearen errealitatea hobeto ezagutzeko. Emaitza lurraldean gertatzen denaren lagin txiki bat da, "eta balio izan du, modu subjektiboan, kontzeju batzuetan bakardadeen errealitate desberdinak identifikatzeko, eta bakarrik bizi diren pertsona batzuen kezkak ezagutzeko". Halaber, nahi gabe bakarrik dauden pertsonei laguntzeko jardunbide informal egokiak identifikatu dituzte, eta esku hartzeko proposamenak definitu dituzte, maila instituzionalean eta sozio-komu- nitarioan dauden baliabideak kontuan hartuta.
Mapeoa osatzeko, Arabako 22 kontzejutan bakarrik bizi diren hamalau lagunekin elkarrizketatu dira, gutxienez bat kuadrilla bakoitzeko: hamaika elkarrizketa telefonoz egin dira eta hiru aurrez aurre. Horietan hamaika emakume eta hiru gizon elkarrizketatu dituzte. Halaber, iazko azaroa eta abendua bitartean hiru taldetan bildu ziren, Zuian, Gasteizen eta Arespalditzan, jasotako erantzunen inguruan hausnartzeko. Arlo horretan lan egiten duten Caritasekin, Gurutze Gorriarekin eta Itxaropenaren Telefonoarekin ere hitz egin dute haien esperientziak eta datuak jasotzeko.
Halere, argi utzi dute estatistika baino harago doala ikerketa: "Proiektu honetan, alderdi kuantitatiboa baino garrantzitsuagoa izan da alderdi kualitatiboa aztertzea, alegia pertsona horiek zergatik sentitzen dira bakarrik: bakarrik daudelako edo (are gogorragoa dena) oso "agunduta" egonik (zaintza-karga handiarekin) bizitza-proiekturik gabe daudeako".
Kontzeju guztietan gehiago dira bakarrik bizi diren emakumeak gizonak baino, ehunekoetan gehiago direlako eta autonomoagoak direlako. «Ezkongabeak, dibortziatuak eta alargunak oso gai dira autonomoak izateko eta bere burua zaintzeko; gizonen kasuan, aldiz, bakarrik geratzen diren gizon gehienak senideekin edo zahar etxeetan bizi dira, nahiz eta beren burua zaintzeko gai izan».
Arabako Landa Inguruneko Emakumeen Sareak bakardadean eragiten duten alde asko aztertu ditu: zaintza-lanak, zerbitzu publikoen egoerak, herriko bizimoduak laguntzen duen edo ez, harremanak, parte-hartzea, eta abar. Gainera, ikerketa Covid- 19arekin batera egin denez, atal berezia eskaini diote birusaren ondorioei. "Osasun-larrialdiari aurre egiteko hartutako neurriek pertsona guztien bizitzan eragin dute. Itxuraz, landa ingurunean mugikortasuna murrizten duten neurri batzuk ez dira nabaritu, lorategira, baratzera, paseatzera... irten daitezkeelako. Hala ere, eraginak garrantzitsuak izan dira batik bat etxetik atera eta beste herrietako jendearekin harremanetan zirenentzat".
Afektuen falta sumatu dute elkarrizketatuek, besarkadak, musuak, pertsona maitatuekin egotea, beste pertsona batzuekin harremanak izatea... Hori oso latza izan da emakume batzuentzat: "Bakarrik sentitu naiz. Erostera irteten nintzen. Leihotik irakurtzen eta begiratzen nion jendeari. Alabak ezin ziren ni ikustera etorri. Faltan bota ditut alaben eta biloben besarkadak eta musuak. Beroaren eta kontaktuaren falta sumatu dut. Oso gogorra da etxean hiru hilabetez bakarrik egotea. Inoiz, leihotik behera botatzeko gogoa izan dut".
Lehen konfinamenduan hainbat jarduera bertan behera gelditzeak ere hutsune handia supo- satu dute hainbat emakumerentzat: "Erabat bakarrik egonez, antsietatearekin eta ezinegonarekin bizi izan dut. Lehen gehiago mugitzen nintzen, jarduera asko egiten nituen. Eta oraingoz ezin da ezer egin. Oso aktibo egotetik ezer ez egitera pasatu naiz. Nire alabak ere ezin ditut ikusi".
Besteak beste, koronabirusaren inguruan informazio argia izatea faltan bota dute elkarrizketatuek, eta uste dute komunikabideek «beldurra» eta "desinformazioa" sortu dutela. Hainbat lagunek telebista ikusteari edo irratia entzuteari uztea erabaki dute.
Bakardadean eragina duten faktoreez gainera, horri aurre egi- teko dauden baliabideak ere aztertu dituzte mapeoan, "pertsonalak eta publikoak"; eta lana borobiltzeko hainbat proposamen egin ditu Mentxu Ramilok zuzendu duen ikerketak. Egoera desberdinen arabera egokitu beharko litzatekeen eskariak direla nabarmendu du: "Bakardadearen atzean kasuistika desberdinak daude. Hortaz, erantzun desberdinak behar dira eskariaren arabera esku hartzeko, esparru komun, ireki eta malgu batean, errealitate eta behar bakoitzaren arabera, eta lurraldeko hainbat eragile artikulatuz".