argia.eus
INPRIMATU
Bakarka, estreinako diskoa kaleratu du Gorka Urbizuk
  • 'Hasiera bat' du izena hamar kantuk osatutako bildumak. Ikusmenak itsuturik dagoen gizarteaz mintzo da Gorka Urbizu: "Garbitu zarata. Beharrezkoa dena esan, besterik ez. Soiltasunaren ederra lortzen ahalegindu, sortuko denaren beldurrik gabe". Herrialde katalanetan grabatu du diskoa, Lleidan.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2024ko urtarrilaren 15
Argazkia: Ibai Arrieta

Berri Txarrakek 2019ko azaroan bere ibilia amaitu zuenetik, estreinakoz, bakarkako bideari ekin dio Gorka Urbizuk. Eskuartean zerbait zebilkiela adierazia edo iradokia zuen aspalditik, ezkutuan izan du bart gauerdira arte, nahiz bera han edo hemen ikusi ahal izan dugun azken hilabeteotan; esaterako, Leihotikan taldearen Etorkizuna ginenean abestian parte hartu du, edota Ezpalak-ekin Boterearen dantza kantuaren zuzeneko estiloko diskoan ere ageri da. Eta tartean, beste hainbat konturen artean, La M.O.D.A talde espainiarraren Nuevo Cancionero Burgalés diskoa grabatu du, 2021ean, Zestoako (Gipuzkoa) Gaztain estudioan.

'Hasiera bat'

Hasiera bat zetorkiola iragarriz, atzoko egunean, sare sozialen bidez, jakitera eman zuen sorpresaren bat emango zuela gauerdian. Inork gutxik esperoko zuen hamar kantu kolpez plazaratzea.

Hasiera bat adierazpideak ez du izen bereko abestirik diskoan, baina guztiek dute segida bat. Hauexek izenak: Maitasun bat, Teoria bat, Tren bat, Toki bat, Janela bat, Kolore bat, Lilura bat, Etxe bat, Sute bat, eta, diskoa amaitzeko, Besterik ez.

"Bere biluzian erpin ugari erakusten duen diskoa da", adierazi du Urbizuk prentsa oharrean. Estresak eta ikusmenak itsutzen duen gizartean, modu frenetikoan bizitzearen "ifrentzua" bilatu nahi izan du. "Barnera biltzeko gonbita bat", bere esanetan, "zarata garbitzeko".

Kantu guztiak plazaratzeaz harago, Teoria bat kantuaren bideoklipa ere kaleratu du Urbizuk. Alexander Cabeza Trigg zinegileak egin du.