argia.eus
INPRIMATU
Baionatik Parisera, laborarien ezinegona entzunarazteko mugimendua zabaltzen ari da
  • Fnsea eta Jeunes Agriculteurs sindikatuek abiaturiko mugimendua zabalduz doa: afiliatuetatik haragoko laborariak ere juntatzen zaizkie protestara eta sindikatuen arteko desadostasunak gainditurik, Confederation Paysanne sindikatua ere batu da protestara. Ipar Euskal Herriari dagokionez, hirugarren blokeo eguna dute Baionako errepideetan.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2024ko urtarrilaren 25

Herbehereetan, Alemanian, Frantziako Estatuan, Errumanian, Eslovakian… laborariak karrikan dira Europako hainbat herritan. Herbehereetatik abiaturik, zabalduz doa mugimendua, bakoitzak bere aldarri propioekin, baina etsipen amankomun partekatuarekin. Desagertuz doan sektore horretako langileak gaizki direlako ekonomikoki –Frantziako Estatuko laborarien %26 da pobreziaren langaren azpian– eta gogoa ilun ere dutelako maiz –bi egunero laborari batek bere buruaz bertze egiten du Frantziako Estatuan, MSA laborarien elkartasun kutxaren datuen arabera–.

Azken hogei urteetan hamabost milioitik hamar milioira pasa da Europako etxaldeen kopurua eta ondoko 15 urteetan beste 6,4 milioi dira desagertuko, Europako Parlamentuaren The Future of the European Farming Model ikerketaren arabera. Hau da, 35 urtez 11 milioi baserri dira desagertzekoak –bi herenak baino gehiago–, eta Euskal Herriari dagokionez ere joera bera da. Hala ere, ekoizpena etengabean emendatuz joan da, agroindustriaren garapenak bermaturik. Merkatuaren liberalizazioa, laborantzaren mundializazioa eta agribusiness-aren etekin bilatze itsua dira gaur egungo krisiaren erantzule. Testuingurua azaltzeko orduan erran beharra dago Fnsea eta JA Jeunes Agriculteurs (Laborari Gazteak) sindikatuek sutsuki defendaturiko eta akuilaturiko agroindustria dugula logika ekonomiko horien bermatzaile.

Hori horrela, ezinegonak bultzaturik eta sindikatuen deiari erantzunez, izan afiliatu edo ez, geroz eta laborari gehiago dira Frantziako Estatuko eta Baiona inguruko errepideetan. Ipar Euskal Herriari dagokionez, Baiona inguruko errepideak blokeatzen dabiltza astearteaz geroztik. Oro har, abiadura handian zabalduz doa mugimendua eta Paris ere blokeatzeko mehatxua zabaldurik dute.

Fnsea-k eta JAk ondoko aldarrikapenak eraman dituzte gobernura: "berehalako" laguntza finantzarioak eta arauen gutxitzea, horietan ingurumenari loturikoak –"Green deal-aren eta plagintza ekologikoaren inkoherentziatik ateratzea"–. Merkataritza askerako itunen negoziaketen bukaera galdetzen dute ere.

Aldarri ezberdinak baina borrokan baturik

Bere aldetik, laborantza iraunkorraren alde dabilen Confederation Paysanne sindikatuak ere deitu du protestara asteazkenean antolaturiko prentsaurrekoaren bidez: "Adierazitako haserrea zilegia da, nekazarien lanaren ordainsarien arazoa ikaragarria delako. Orain dela 25 urte, liberalismoaren ondorioak salatzen ari zen jada Confederation paysanne, Larzac-etik Seattleraino".

Egoeraren larritasunak ekarri du sindikatuen bateratze ezohiko hori. Hain zuzen, Fnsea eta JAk azken hamarkadetan sustaturiko laborantza ereduak talka egiten diolako Confederation Paysanne sindikatuaren eredu herrikoi eta agroekologikoari. Krisiaren larritasunak eta laborarien ezinegonak dakarte guztiak daudela karrikan eta gobernuarekilako negoziaketetan.

Berehalako bi aldarri entzunarazi ditu Confederation Paysannek: ekoizpen kostua baino apalagoak diren prezioen bukaera eta merkataritza askerako itun ororen negoziaketen bukaera. Arazoa bere orokortasunean hartu eta Fnsea-ri kritika egiten dio: "Gobernu ezberdinek eta Fnsea-k dute laborantza impasse egoera honetara eraman, sistema ekonomiko ultraliberal, bidegabe eta suntsitzaile batera eraman gaituzte". Trantsizio ekologikoa bultzatzeko neurriak galdetzen ditu sindikatu honek.

Ostegun honetan bilduko da Gabriel Attal Lehen ministroa Laborantza, Trantsizio ekologikoa eta Ekonomia ministroekin, laborariei eman beharreko erantzunei buruz solasteko. Gobernutik hurbil diren iturriei fidatuz gero, baliteke krisiari aurre egiteko hainbat neurriren berri ematea ostegun edo ostiral honetan Frantziako Gobernuak.

Prezio duinak eskatzeko Confederation Paysanne sindikatuak burutu ekintza bat.