argia.eus
INPRIMATU
Baionan herritarra tiroz hil zuen polizia libre eta kargurik gabe
  • Poliziaren abokatuak jakinarazi nahi izan du argi geratu dela bere lankidearen defentsan egindako ekintza izan zela. 

ARGIA @argia 2021eko urtarrilaren 13a
Poliziaren hilketa salatzeko elkarretaratzea, Baionan

Urtarrilaren 11ean, goizeko ordu batak aldera Baionan herritar bat tiroz hiltzea egotzita atxilotutako polizia, fiantzarik gabe aske geratu da urtarrilaren 12an. Akusatuko agentearen abokatua den Pascal Rouillerrek jakinarazi nahi izan du ez dagoela bere kontrako kargurik. Asteartean, hilaren 12an deklarazioa hartu ostean hartu du erabakia epaileak. "Argi geratu da bere lankidearen defentsan egin duela", ziurtatu du atxilotuaren abokatuak. Baionako prokuradoreak baieztatu zuen ikerketak ekarri dituen lehen frogen arabera, "arma molde proportzionatuan eta zilegitasunez" baliatu zuela poliziak. Hori horrela, kargurik gabe askatu zuten atzo polizia.

Kargurik gabe atera bada ere, ikerketa instrukzio epaile baten esku utziko dute, "froga ezberdinak" elkarren artean alderatu ahal izateko.

IGPN Frantziako polizia Nazionalaren Ikuskaritza Nagusian IGPN asteburu dena egun ostean, epailearen esku utzi zuten erabakia. Gertakariak astelehenean, hilaren 11an goizaldeko ordu bata inguruan izan ziren, Maréchal-Soult etorbidean, ohiko kontrol polizial baten ostean. Polizia judizialak bi ikerketa ditu zabalik: Bata, "autoritate publikoa duenari obeditzea errefusatu izanagatik, eta hura hiltzen saiatzeagatik", hau da,  gidariaren jarrera ikertuko dute. Bigarrena berriz, "borondatezko hilketagatik" edo poliziaren hilketagatik.

Polizia gehiegikeriak salatzeko elkarretaratzea burutu zuten urtarrilaren 11an Baionako polizia-etxearen aurrean berrogeita hamar bat lagunek. Poliziei dagokionez, haatik, Alliance eta SGP polizia-sindikatuetako ordezkariek babesa adierazi diote atxiloturiko lankideari.