Aste gutxi barru Qatarren jokatuko den Munduko Futbol Txapelketaren kontrako ekimenekin bat, Frantziako Estatuko hainbat udalek iragarri dute ez dituztela selekzioaren partidak pantaila erraldoietan emitituko. Hiri horien artean dago Baiona.
Baionarekin batera, fan zone delakorik edota pantaila erraldoirik ez jartzeko asmoa agertu duten udalen artean Paris dago, baita Bordele, Lille, Marseilla, Limoge eta Angulema ere, AFP agentziak nabarmendu dituen batzuk aipatzearren.
"Baionako Udalak ez du Munduko Txapelketak irauten duen bitartean pantaila erraldoirik jarriko. Boikota", idatzi du sare sozialetan Cyrille Laiguillonek, Baionako alkateorde eta Kirol zinegotziak.
Boikota, kirol ekitaldi handienaren B aldeagatik: inpaktu ekologikoa, giza eskubideen urraketa, obreroen heriotzak, ustelkeria salaketak... Geroz eta gehiago dira kontrako ahotsak, Frantzian bereziki.
"Alkatea bat dator erabakiarekin", azaldu du Laiguillonek, Sud Ouest egunkariak jaso duenez: "2018an finala Lauga kirolgunean eman genuen, eta sekulako arrakasta izan zuen. Baina aurten ez dugu deus egingo. Kirol eskandalua izan zen hasieran, eta eskandalu ekologikoa gero, giza eskandalu bihurtu baino lehen!".
Ekimenarekin bat egin duten alkateek ez bezala, beste udalerri batzuetakoek –Cannes eta Nizakoek adibidez– uko egin diote bide bera jarraitzeari, oraingoz bederen: "Frantziako selekzioak lortutako emaitzen arabera erabakiko dugu". Alegia, Frantziak irabaziz gero, arazorik ez Munduko Txapelketa Qatarren ospatzearekin; baina galduz gero, boikota.