argia.eus
INPRIMATU
Etxebizitzaren arazoari aurre egiteko okupazio dinamika Baionan
  • Baionako Plantoun auzoko etxe huts bat okupatzea egotzita, lau lagun atxilotu zituen poliziak larunbatean. Guztiak libre utzi zituzten, eta datozen egunetan jakinaraziko dizkiete haien kontrako karguak. Ipar Euskal Herrian dagoen "etxebizitzaren arazoari aurre egiteko" okupazioa bultzatu nahi dutela diote.

Jon Torner Zabala @jtorner 2013ko ekainaren 12a
Atxiloketak salatzeko elkarretaratzea komisaldegiaren aurrean. (Argazkia: Gaizka Iroz / Kazeta.info)

Hartzea Lopez Arana eta Jean-Luc Delcampo dira Baionako etxe hutsa okupatu duten lagunetako bi. Aske utzi ostean, haiek eta beste biak etxe horretara itzuli dira bizitzera. Euren kontra abiatutako prozedurak zein ondorio izango duen ez dakite oraindik. Alegia, isuna jarriko dieten, auzia bertan behera utziko duten...

Poliziak okupatutako eraikina "hondatzea" egotzi die.

Eraikinak etxebizitza sozialak (HML) hartzen ditu, diru publikoarekin finantzatuak izan direnak. Eraikitzerakoan izan ziren arazoak medio, bost etxe hutsik geratu dira eta ezin dira ez saldu ezta alokatu ere, Kazeta.info-k jakinarazi duenez.

"Guk galdetzen dugu Baionan eta Ipar Euskal Herrian soluzio praktiko bat ematea, etxea behar duen jendeari bat ematea", diote etxe hutsean sartu direnek. "Okupazioaren dinamikan sartu gara orain. Ipar Euskal Herrian aurrekari bat sortzen ari gara eta orain behar dena da etxe hutsak irekitzea era oso normalean".

Haien aldarrikapenak ezagutarazi eta sostengu-sarea osatzeko, Plantouneko Okupatzaileen Kolektiboa sortu dute. Datozen egunetan emango dituzte egitasmoari buruzko azalpen gehiago, abiaraziko duten webgunearen bitartez.

Ipar Euskal Herrian dagoen etxebizitza arazori eta okupazioari buruz hitz egiteko, Hartzea Lopez Aranari elkarrizketa egin dio Info7 irratiak: "Etxebizitza arazoari aurre egiteko okupazioa bultzatu nahi dugu".