Maiatzaren 20an, asteazkena, Bizi! mugimenduak bere kideak bilduko ditu, ekainaren 5ean Baionatik abiatu eta irailaren 26an Parisen bukatuko den Alternatiba Itzuliaren azken albiste eta xehetasunak eskainiz mobilizazio handirako bihotzak berotzeko.
Klimaren aldaketaren arriskuez eta hori eragozteko alternatibez herritarrak ohartarazteko mobilizazio zabala antolatu da Bizi! mugimenduaren inguruan, Europan gutxitan ikusten den bezalakoa. Alternatibaren Itzuliaren ikur izango diren hiru edo lau txirrindularik eragindako bizikleta handien inguruan, dozenaka militantek korrituko dituzte 5.000 kilometro, ekainaren 5ean Baionan hasi eta irailaren 26an Parisen buka, hiri honetan burutu behar den COP21 Klimaren Gailurrean erabaki garrantzitsuak hartu beharko lituzketen agintariei presio egiteko.
Ipar Euskal Herrian Manu Robles Arangiz Fundazioaren babesarekin urteotan indarra hartu duen Bizi! mugimenduak Alternatiben Herrixkak antolatu ditu Baionan estreina eta Zokoan gero. Alternatiba eredua, ordea, gero eta arrakasta handiagoz esportatu du iaz bertan 35 Alternatiba antolatu zirelarik Frantziako Estatu osoan barrena, urrutienekoa antipodetako Tahitin.
Aurtengo 50 Alternatiba baino gehiago iragarri dituzte Hexagono osorako, baina Itzuliak Europako herrialde gehiagotan ere edukiko ditu adarrak. Euskal Herriari dagokionez, Donostiako herrixka ekainaren 5 eta 6an ariko da lanean. Ziento bat herrixka, hainbat herrialdeko milaka boluntario eta herritar mobilizaturik... Parisko COP21 Klimaren Gailurrerako giroa ezin hobeki berotuko dute udazkena bitartean. Ekainaren zain egon gabe, lehen Alternatiba herrixka maiatzaren 3an egin dute Ingalaterrako Todmordenen, Transition Town herrien mugimenduaren sortzaile eta ikur den hartan, herriko agintariekin, elkarteekin eta 500 herritarren parte hartzearekin.