“Izan, egin, eragin. Euskal Herrian Euskaraz” lelopean egingo dute Euskaraz Bizi Eguna apirilaren 16an Baionan. Euskal Herrian Euskarazek azaldu du “euskaraz bizitzearen aldeko hautuari behar duen bultzada emateko eguna” dela.
“Euskaldunok bizi dugun egoera gordinak ez du aldaketa sakonik izan, hizkuntzen arteko elkarbizitzan bigarren mailako herritarrak izaten jarraitzen baitugu”, salatu du EHEk. Horren aurrean, “euskararen alde egotetik, euskararen alde egitera” pasatzeko deia egin dio gizarteari, “mendeetako zapalkuntzak sortu dituen ustezko errespetuzko jokabide otzanak gainditzeko garaia” dela iritzita.
EHEk uste du “euskara, euskalduna eta herri euskalduna eztabaida politikoaren erdigunean” kokatzeko unea dela, lehentasuna emango dioten legedi eta politikak abiatuz. Euskararentzat erabakigarria den testuinguruan, “beretik eta komunitate moduan” bultza egitera deitu ditu euskaltzaleak. Bide horretan, “norbanakoen ahalduntzea” dute erronka nagusi.
Eragile euskaltzaleak urteak daroatza euskararen alde lanean, garai bakoitzeko testuingurura egokituz. Sei urteren ostean, Hizkuntza Eskubideen Eguna atzean utzi eta Euskaraz Bizi Egunari heldu zioten. Urteen poderioz, dimentsio zabalagoa hartzen joan da jaia eta aldarrikapena uztartzen dituen ekimena.
Guztientzako egitaraua
Haur, gazte eta helduentzako ekintzak antolatu ditu Baionan egingo den Euskaraz Bizi Egunak. Joko eta puzgarriak izango dituen umeentzako txokoa jarriko dute goizean eta haurrek Porrotxen bisita jasoko dute 11:00etan. Une horretan, artisau eta eragileen erakustazoka ere izango da. Bazkalostean, kalejira koloretsua hasiko da, 17:30ean, “Izan, egin, eragin. Euskal Herrian Euskaraz” lemapean. Kontzertuek itxiko dute egitaraua.
Honakoa da Euskaraz Bizi Egunaren egitarau osatua:
10:00etatik aurrera egunari hasiera eman ondoren
Artisau eta eragileen erakustazoka hasiko da
Umeentzako txokoan, joko eta puzgarriak izanen dira
Porrotxek, 11:00etan, bertan gaudenon irriak azalaraziko ditu
Behatokia eta Kontseiluaren eskutik #Akuilari tailerra izanen da
13:30ean
Herri bazkaria eta kantaldia Erramun Martikorenarekin
17:30ean
Kalejira koloretsua: “Izan, egin, eragin. Euskal Herrian Euskaraz”
Ondoren... Bertso-poteoa Xumai Murua eta Ortzi Idoate bertsolariekin, Elektrotxarangaz lagunduta
21:00etan Kontzertuak
Torii
Sorkun
Djak