Baionako Euskaldunen plazan hilik aurkitu dute igande goizaldean etxerik ez zuen eta turismo bulegoaren ondoan lo egiten zuen pertsona bat. Berriak eman du albistea, Polizia iturriek "heriotza naturala" izan dela esan dietela. Zenbait eragilek Jean Rene Etxegaraik indarrean jarritako ordenanatza berrien aurkako protesta deitua dute ostegunerako.
Hitzordua 16:30tan jarri dute Baionako herriko etxearen aitzinean, espazio publikoaren "okupazio gehiegizkoa eta luzea" egiteko. Irailaren 18an Jean-Rene Etxegarai Baionako auzapezak hartu ordenantza salatzeko unea izango da. Erabaki politiko horren ondorioz, hiriko hainbat auzotan 08:00tatik 23:00tara espazio publikoan jartzea eta etzatea debekaturik dute etxegabeek.
Etxegabeen aurkako hainbat neurri gogor hartu ditu Baionako herriko etxeak. Hain zuzen, Jean-Rene Etxegarai Baionako auzapezak irailaren 18an harturiko ordenantzari segi, ezingo dute "luzaroan jarririk edo etzanik egon" 08:00tatik 23:00tara Baiona Ttipian, Baiona Handian eta Santa Izpiritu auzoetan. Hori ez ezik, txakur bat baino gehiago elkartzea ere legez kanpo utzi du auzapezak –araua hausten duenari animalia ken diezaioke Baionako herriko etxeak–. Jantziak zein elikadurak metatzea ere debekatua zaie etxegabeei.
Polizia gehiago ere kontratatuko ditu udalak.
Ordenantzak haserrea eragin du etxegabeen artean, baita hainbat herritar zein eragile sozialen artean ere.
Herritar talde batek ordonantza salatzeko ekintza finkatu du ostegunerako. Hitzordua 16:30tan jarri dute irailaren 24an, Baionako herriko etxearen aitzinean, espazio publikoaren "okupazio gehiegizkoa eta luzea" egiteko. "Pobreen kontra egin ordez, pobreziaren kontra egin dezagun!" lelopean, kaleen "gehiegizko okupazioa" egingo dute gauerdirarte. Herritar taldeak argi du: "Hautu politiko bat da, eta jadanik prekarizatua den populazio bat jartzen du jomugan, estigmatizatuz. Frenesia sekuritarioa, eta espazio publikoaren kontrolatzea ditu helburu". Lapurdiko hiriburuak bizi duen gentrifikazio prozesuaren baitan kokatzen dute ere ordonantza hau.
Hainbat eragilek bat egin dute hitzorduarekin: Aitzina, Etorkinekin, eta beste.