argia.eus
INPRIMATU
Baionako suprefeta: “Frantziako Gobernuak ez du uste bake prozesuan engaiatu behar denik”
  • Patrick Dannelles Baionako suprefeta elkarrizketatu dute Ahoan Bilorik Gabe emankizunean. Kanaldude telebistak, Euskal Irratiek, Kazeta.info Interneteko atariak, "Herria" astekariak eta Ipar Euskal Herriko Hitzak elkarlanean sortutako ekimena da. Azken boladan pil-pilean dauden gaien inguruko galderak erantzun ditu Frantziako Estatuaren ordezkariak. Ekainean Hendaiako ikastolaren eraikuntza oztopatu zuen Dallenesek, Falloux Legea oinarri hartuta.

Lander Arretxea @larretxea 2013ko uztailaren 05a
Patrick Dallennes, Baionako suprefeta, Ahoan Bilorik Gabe ekimenean. (Argazkia: kazeta.info)

Kanaldudek bideoan bildu ditu adierazpenak eta Kazeta.info-k euskarara itzuli du elkarrizketa; hona hemen suprefetak esandako batzuk, gaika sailkatuta:

Lurralde antolaketa

  • "Gobernuak hainbat alditan jakinarazi du Lurralde Elkargoaren aldarriak ez duela segidarik ukanen. Alegia, ez duela sortuko Baionako eskualdeko hautetsien parte handi batek aldarrikatzen duen erakunde hori".

  • "Manifestazioa egitea eskubidea da baina ez du horrek aldatuko gobernuaren erabakia".

Bake prozesua Euskal Herrian

  • "Frantziako Gobernuak ez du uste bake prozesu batean engaiatu behar denik, pentsatzen duelako Frantzia ez dela sekulan gerran izan".

  • "Lotura egitea iheslarien atxiloketen eta Miarritzeko ekitaldiaren artean, sobera arin joatea litzateke".

Euskara

  • "Frantziako Gobernuak ez du iritsi nahi euskararen koofizialtasuna aitortzeraino".

  • "Gaia aztertu zelarik, ebatzi zuten ez zegoela biderik [Hizkuntza gutxituen Europako Karta] berresteko Frantziako konstituzioa aldatu gabe. Beraz, gobernuak deliberatu du aldaketa hori ez egitea, eta haren eskubidea da".

  • [Ikastolen aferari dagokionez] ez dago konponbiderik. Bederen ez dago biderik erakunde publikoek eraikin publiko bat ordaintzea aipatzen bada. Ez Hendaian ez bertze ikastolen kasuan (...)  Legea alda daiteke baina hori ez dago gure eskutan. Hori parlamentarien lana da".

Abiadura Handiko Trena

  • "Ezin dut baieztatu [AHTa 2030era atzeratuko denik], Gobernuak adierazi behar du era argi eta zehatzean egitasmoa atzeratua izan dela eta beharbada egutegi bat aurkeztu".

Sexu berekoen arteko ezkontza

  • "[Bi gizon ezkonduko ez zituela adierazi zuen Arrangoitzeko] auzapezarekin hizketaldi fasea izan genuen konponbide baten bila, horrek ez zuen emaitzik eman eta disziplina prozedura bat abiatzeko puntuan ginen joan den ostegunean auzapezak eta bere kontseilariek deliberatu ez balute haietakoren batek ezkontza ospatuko zuela".
  • "Hurbiletik segitzen dut Arrangoitzeko herriko etxearen jarrera eta espero dut ez dela horrelakorik berriro gertatuko".