argia.eus
INPRIMATU
Baionako protestaren ondotik, lau manifestari atxilotu ditu Frantziako poliziak
  • Pirineo Atalntikoetako prefekturak jakitera eman du lau manifestari atxilotu dituela Frantziako Poliziak. Elkarretaratzera deitzen du Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak, 18:30ean Baionako komisaldegiaren aitzinean.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2023ko martxoaren 23a
49.3 artikuluaren bidez bozketa saihestu eta erreforma pasa izana ezin onartuzkoa daukate manifestariek. Argazkia, martxoaren 23ko Baionako manifestaziokoa. Argazkilaria: Jenofa Berhokoirigoin

Lau manifestari atxilotu ditu Frantziako Poliziak, Baionako manifestazioaren ondotik. Ostegun goiz honetan Emmanuel Macronen erretreten erreformaren aurka buruturiko protestan izandako "indarkeriagatik" atxilotuak direla irakurri daiteke prefekturaren agirian. Manifestazioaren ondotik autobidera sartzen saiatu dira manifestariak, baina Poliziaren hesia zuten parean. Gas negargarriak erabili dituzte behin baino gehiagotan protestan zebiltzanak urruntzeko.

Behintzat atxiloketa bat Baiona Ttipian gertatu da, eta zibilez jantzitako poliziak atxilotu du gaztea bertako taberna batean. Funtsean, Ipar Euskal Herriko Aek egiturak gogorki salatu du manifestariaren bilaketaren baitan Aek-ren egoitzara sartu izana.

Atxiloketa horien salatzeko hitzordua jarri du Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak: 18:30ean elkarretaratzea Baionako komisaldegiaren aitzinean.

Sindikatuen arabera, 24.000 lagun bildu dira Lapurdiko hiriburuan erreforma eta orokorkiago gobernuaren jarrera deitoratzeko. Poliziaren arabera, berriz, 9.000 batu dira Baionako karriketan.

Goizaldean Baionako autobus geltokia ere blokatu dute ekintzaileek. Erreforma pasa bada ere, haserrea entzunarazteko gogoa ez doa ttipituz. Urtarrilean abiaturiko mobilizazioaren bederatzigarren greba eguna da gaurkoa eta jendetsua izaten ari da Ipar Euskal Herrian bezala Frantziako beste hirietan ere.