argia.eus
INPRIMATU
8 milioiko gainkostua luke Baionan okupazio dinamika egin den auzoa berreraikitzeak
  • Baionako Plantoun auzoan diru publikoarekin finantzatutako 39 etxe ekologiko eraiki ziren 2009an. Handik gutxira, horietako hainbatek makurgune itsusiak zituztela ohartu ziren eta etxeak haustuarazi zituzten. Horiek berreraikitzeko 8 milioi euro beharko liratekeela jakinarazi dute orain.

Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2014ko urtarrilaren 23a
"Baionako favela" izenez ezagutzen den Plantoun auzoko etxe ekologikoak (Argazkia: Gaizka Iroz - Kazeta.info)

Adituek osatutako txostenak dioenez onena litzateke etxeak partzialki eraitsi eta berriro eraikitzea. Horrek 8 miloi euroko gainkostua izanen luke, izan ere eraisketa gauzatzeko 900.000 euro beharko lirateke eta berreraikuntzarako 5 miloi eta erdi.

Horretaz gain, beste 1,6 miloi euro beharko lirateke seguruak ordaindu eta bertako auzokideei obrak iraun artean bizilekua emateko. Proiektua onartuz gero guztira 8 miloi beharko dira hortaz, orain lau urte 6,6 miloi euro balio izan zuen auzoa berreraikitzeko. 

Plantoun auzoko kasua Baionako auzitegian dago; eta hark erabaki beharko du nor den akats horien erantzulea. Arkitektoa, promotorea, eraikuntza enpresak edota proiektuan parte hartu duten beste hainbat eragilek.

Etxebizitzaren arazoa mahaigaineratzeko okupazio dinamika

Diru publikoaz finantzatutako eraikin ekologiko horiek hutsik geratzeak hainbat bizilagun asaldatu zituen, eta etxebizitzaren aferarekin kezkatutako lagun talde batek okupazio dinamika abiatu zuen problematika bistaratzeko.

Maiatzean Plantouneko 26. zenbakiko eraikina okupatu zuten, jendea teilaturik gabe dagoen bitartean inguruan etxe huts anitz dagoela salatzeko. Ika-mika ugari sortu du ekintzak baina azarotik aferak bere horretan darrai.

Azaroaren 15ean hustu behar zuten eraikina, epea luzatzeko jarritako helegitea ez baitzuen onartu Baionako auzitegiak. Hala ere, okupatzaileek bertan jarraitzen dute Baionako Herriko Etxeak konponbide bat aurkitu artean.