argia.eus
INPRIMATU
Baionako pisu turistiko batetik etxebizitza eskubidearen aldeko kanpaina abiatu du Aldak
  • Bizileku izateari utzi eta pisu turistiko bilakatzen diren etxebizitza kopuruaren igoera salatzeko, oraintsu arte bikote baten bizitokia zena eta egun Airbnb plataformak etxebizitza turistiko gisa eskaintzen duena alokatu du Alda elkarte gazteak. Publikoki aldarrikatu eta bertatik abiatu dute etxebizitza eskubidearen aldeko kanpaina.

Amaia Lekunberri Ansola 2021eko ekainaren 16a
Argazkia: Euskal Irratiak

Alda elkarteak Baionako etxebizitza turistiko bat alokatu du hiru egunez, bertatik abiatzeko etxebizitza eskubidearen aldeko kanpaina. Asteazken goizean eman diote hasiera ekimenari: Airbnb atariaren bidez alokatutako etxebizitzako leihoetatik "Herrian bizi, ez espekulatu" zioen pankarta zintzilikatu dute, eta barrualdean prentsaurrekoa egin dute, ekintzaren xehetasunak emanez. Etxebizitza turistikoen igoera salatzea dute helburu.

Ez dute ausaz aukeratu tokia. Alokatutako etxebizitza bikote baten bizilekua zen urtarrilera arte, baina ordutik etxebizitza turistiko bilakatu dute eta 40 aldiz alokatua izan da Airbnb eta Booking atarien bitartez, Aldak jakinarazi duenez. "Hau bezala, milaka apartamentuk eta etxek bertako biztanleentzako etxebizitza izateari uzten diote eta bigarren etxebizitza edo altzariz hornitutako turismo ostatu bihurtzen dira", salatu dute. Elkartearen esanetan, 6000 eta 7000 apartamendu turistiko inguru leudeke Euskal Hirigune Elkargoan.

Etxebizitza turistikoek alokairuen garestitzea eta gentrifikazio prozesuak indartzen dituztela kontuan izanda, etxebizitza krisia areagotu egiten dute. Zentzu horretan, problematikari balazta jarri eta egoera alderantzikatu asmoz, etxebizitzaren krisiari erantzuteko proposamena egin du Aldak, bost puntutan oinarritzen dena: alokairuen mugatu; etxebizitza soziala bermatu; etxebizitza hutsak berritu; bigarren etxebizitzak gelditu; eta urteko alokatzeak babestu.

Etxebizitzako leihoetan espekulazioa salatzen duen pankarta ezarri dute.