argia.eus
INPRIMATU
Baionako musika ikastaldia bertan behera geratu da, iaz sexu jazarpenak izan zirela jakin ostean
  • "Gure kontrolpetik kanpo dauden arrazoiengatik". Mezu labur hori idatzi du antolatzaileak webgunean, Kazeta.eus-ek azaldu duenez. Baionako kontserbatorioan uztailaren 14tik 22ra egin behar zen musika ikastaldia bertan behera geratu da, joan den martxoan azaleratu ostean hiru emakumek zuzendariaren eskutik sexu jazarpenak izan zituztela.

ARGIA @argia 2019ko uztailaren 04a
Baionako kontserbatorioan eman behar zituzten musika ikastaldiko saioak.

Uda partean Miarritze-Euskal Kosta musika akademiak antolatu ohi duen ikastaldirik ez da izango aurten. Iazko uztailean ikastaroko zuzendari Jean-Claude Dumasen kontra salaketa jarri zuten hiru emakumek, sexu jazarpenak izan zituztelako. 76 urteko gizonezkoak harekin oheratzeko proposamen etengabeak egin zizkien, telefono deiak eta e-postak barne.

Salatzaileek, nolanahi ere, euren salaketak aurrera egiteko izan dituzten zailtasunak nabarmendu dituzte, poliziak ez zielako deklaraziorik hartu nahi izan "igandea zelako", eta epaitegiaren erantzuna oso lausoa izan da, "sexu jazarpen salaketa" ez baitu aipatu ere egiten.

Kazeta.eus-ek azaldu duenez, ikastaldiaren webgunean behin behinekoz itxita egon da, baina orain ohar labur baten bidez azaldu dute ez dela aurten ikastaldirik izango. Saioak Baionako kontserbatorioan egiten ziren, baina hango presidente Bruno Carrerek aditzera eman zuen aurten ez zuela lekua uzteko baimena sinatuko.