Meskita dagoen auzoko herritar eta elkarte batzuek osatu kolektiboak antolatu du "elkartasunezko eta bakearen aldeko martxa". SOS Arrazakeria elkarteak ere bat egin du mobilizazioarekin. Baionako Gaskoien plazatik abiatuko da igandean 14:30ean.
Baionako meskitan urriaren 28ean gertatu atentatuaz geroztik asteak pasa arren, biktimei elkartasuna adierazteko beharra sentitu dute Hauts-de-Sainte-Croix auzoko herritar eta elkarte batzuek. "Elkartasunezko eta bakearen aldeko martxa" eginen dute igandean 14:30ean, Gaskoien plazatik abiatuz.
Auzo horretan dago Baionako meskita. Amar Kariouh eta Maati Baggar larriki zauritu zituzten atentatu hartan. Frantziako Justiziak erasoa "atentatu" bezala kontsideratzea exijituko dute mobilizazioaren bidez. Hain zuzen, azterketa psikiatrikoen ondotik, kasua bere gain ez hartzea erabaki zuen Parisko Terrorismoaren Aurkako Fiskaltzak. Alta, erasotzailea eskuin muturrekoa da eta musulmanen aurkako jarrera argia dauka.
Arrazakeriaren kontra mobilizatu beharra
Arrazakeriaren kontrako eta elkarbizitzaren aldeko mezua zabaltzeko antolatu dute martxa. SOS Arrazakeria elkarteak luzatu du ekimenean parte hartzeko deia. Etorkinen eta batez ere arabiar-musulmanen kontrako mezu politiko eta mediatikoak borrokatzeko beharra ikusten dute guztiek.