Frantziako armadako buruzagiek larunbatean iragarri zuten Azawadeko hiruburua, Gao, kontrolpean hartu dutela. Bamakoren ipar-ekialdera dago, 1.200 kilometrora. Igandean Sud Ouest egunkariak informatu zuenez, Baionako paratxutisten errejimentuak parte hartu du operazioan.
Indar armatu berezi horiek aireportua eta Gao hiria berreskuratzen eginiko lana goraipatu zuten Frantziako armadako goi-estamentuek. Hizkuntza militarrean esaten den moduan, “atea irekitzeko” erabili ohi dira.
Baionako lehen RPIMako (Itsas-armadako Infanteriako Paratxutisten Errejimentua) soldaduak eta COS (Operazio Berezietarako Komandoak) unitate batzuk Malitik banandu nahi duten Azawadeko independentisten kontrako interbentzio militarrean lehen lerroan dabiltzala erakusten du albisteak.