argia.eus
INPRIMATU
Baionako Habas auzoko etxebizitzen egoeragatik protestan ari dira bizilagunak
  • Habitat Sud Atlantic (HSA) erakundearen 36 etxebizitzetan bizi diren Habasko hainbat auzokidek salatu dute hezetasuna eta beste hainbat arazo atzeman dituztela. Konponbide bat emateko Aldak HSArekin biltzea lortu du.

Mattin Azpiroz Pagola 2024ko urtarrilaren 25
Pantaila argazkia: Hamaika Telebista

Aldak, auzo eta herri ingurunetako biztanleen defentsarako elkarteak, Baiona iparraldeko Habas La Plaine auzoko etxebizitzetako arazoak konpontzeko borrokan dihardu, bizitokiek dituzten hezetasun edota aireztapen arazoak direla eta. Asteazkenean HSA erakundearen lokalak okupatu dituzte Aldako kideek.

Elkarteak HSAri jakinarazi zizkion etxebizitzetako hezetasun kasuak eta beste arazo batzuk, baina konponbiderik lortu ez zutenez, erakundeak Baionan duen egoitza nagusira joan dira 42 auzotar eta militante. Auzoko 36 etxebizitzatan daude arazoak; hezetasunaz gain, aireztatze, isolazio eta ur filtrazio arazoak atzeman dituzte. Horrek osasunean izan ditzakeen “ondorio larriak” salatu dituzte auzotarrek.

“Eztabaidatzeko prest” agertu da HSAko zuzendari orokor Lausseni Sangare, eta gaur, hilak 25, bilduko da Aldarekin urtean zehar egingo diren obren “xehetasunak aurkezteko”. Gainera, kaltetutako etxebizitzak pertsonalki bisitatuko dituela agindu du. Hala ere, Aldak adierazi du konponbiderik eman ezean eta HSAk agindutakoa betetzen ez bada, protestan jarraituko dutela.