argia.eus
INPRIMATU
Baionako Epaitegian euskara aldarrikatzeko ekintzagatik atxilotutako EHEko kideak askatu dituzte
  • Teilatura igo, eta hainbat instituziok Euskararen Nazioarteko Eguna “aurpegi zuriketarako aprobetxatu ohi dutela” salatu du bikote aktibistak. Frantziako eta Espainiako Konstituzioak “supremazistatzat eta euskaldunentzat baztertzailetzat” jo dituzte, bi estatu horien mendean “ezinezkoa” delako euskaraz bizitzea.

Julene Flamarique 2024ko abenduaren 04a
Baionako epaitegian egindako ekintza Euskararen Nazioarteko Egunean EHE

Euskal Herrian Euskaraz taldeko bi kide igo dira Baionako epaitegiko teilatura eta “justizia” eskatu dute “euskararentzat eta euskaldunentzat”, “justizia euskararentzat” ipintzen duen pintaketa batekin. Ekintzaileak Gorka Torre Roca eta Intza Gurrutxaga dira, eta Euskararen Egunean egin dute ekintza. Frantziako Poliziak atxilotu, komisariara eraman eta taldeko beste hainbat kide identifikatu ditu egintza amaitu ostean. Arratsalde berean askatu dituzte ekintzaile biak.

Teilatu gainean egonda, hainbat instituziok Euskararen Nazioarteko Eguna “aurpegi zuriketarako aprobetxatu ohi dutela” adierazi dute, eta “euskaldunontzat gaur egungo markoan justiziarik ez dagoelako” justizia aldarrikatu dute euskararentzat eta euskaldunentzat. Ekintza horren bidez Frantziako Konstituzioa, eta, beraz, "legedia, supremazista eta euskaldunontzat baztertzailea" dela salatu du taldeak. Hego Euskal Herrian, Espainiako Konstituzioak eraginda, “gauza bera” gertatzen dela azaldu du bikoteak, eta orain “oldarraldi judizial, politiko eta mediatikoarekin are nabarmenagoa” dela adierazi.

Euskararen Errepublikaren beharra azpimarratu du EHEk, bi estaturen menpe “ezinezkotzat” jotzen duelako euskaraz bizitzea: “Euskaraz bizitzeko eskubidea ukatzen digute bizitzako esparru askotan”, zehaztu du. Horren guztiaren aurrean, intsumisio jarrera kolektiboen garrantzia nabarmendu, eta abenduaren 7an Durangon antolatu duen manifestazio nazionalerako deia egin du taldeak, “Euskal Errepublika eraikitze bidean”.

Euskararen aldeko ekintzengatik, bi aldiz epaituta

Lehendik atxilotu izan du Frantziako Poliziak Torre, EHErekin eta Herribiltza taldearekin euskararen aldeko desobedientzia ekintzak egiteagatik. Baionako Auzitegian epaitu duten aldi bietan uko egin dio epaiketan parte hartzeari, epaileak euskaraz deklaratzeko eskubidea errefusatu izan baitio.

2023ko irailean Herribiltza taldeak euskararen aldeko pintaketa batzuengatik 2024ko martxoan izan zuen lehen epaiketa Torrek. Leheneratzedun hilabeteko espetxe-zigorra ezarri zioten, eta bostehun euroko isuna ordaintzera zigortu zuten. Aurtengo irailean berriz epaitu zuten, Baionako suprefeturan pintaketa egin eta frantses hutsean idatzitako hainbat bide seinale kentzea egotzita.

Osotara 3.268 eurotako isuna jarri diote, baina Nafarroa Behereko EHE taldeak urrian adierazi zuen Torrek ez duela ordainduko Baionako Auzitegiak ezarritako isunik.