argia.eus
INPRIMATU
Baionako emakume batek taldean bortxatu zutela salatu du
  • Erasoa 2017an jazo zen. 23 urteko emakumeak bortxatzaileen kontrako salaketa jarri eta auzibidea abiatu du.

ARGIA @argia 2019ko uztailaren 16a
Indarkeria sexistaren kontra elkarretaratzea Baionan (Argazkia: EITBren bideo bateko irudia)

Bortxaketa 2017ko martxoan gertatu zen. Erasoa pairatu zuen emakumeak 21 urte zituen orduko hartan, eta Bordeleko Ikasketa Politikoen Institutuan ari zen ikasketak burutzen. Errugbi partidu baten osteko jaialdi baten testuinguruan jazo zen bortxaketa: salaketan zehazten denez, errugbi jokalariak ziren hiru gizonezko auzipetuek Merignac-eko hotel batera eraman zuten emakumea, eta behin han zirela, bortxatu egin zuten.

FC Grenoble errugbi taldeko jokalari ohiak dira hiru auzipetuak: Loïck Jammes frantziarra, 24 urtekoa; Rory Grice zeelandaberritarra, 29 urtekoa; eta Denis Coulson irlandarra, 25 urtekoa.

Delitu penal larrienak ikertzeaz arduratzen den instrukzio epaileak Girondako Justizia Auzitegiari helarazi zion kasua apirilean, baina oraindino ez da zehaztu epaiketaren data. Auzipetuek uztailaren 17ko gauerdira arteko epea daukate helegiteak jartzeko. Emakumea AEBetan dago praktikak egiten, eta uda ostean deklaratuko du, ordurako Frantziako Estatuan egongo baita.