330.000 adin ttipikok sexu gehiegikeriak jasan dituzte 1950etik 2020ko hamarkadara, Frantziako Eliza Katolikoari lotutako erakundeen baitan. CIASE Eliza katolikoan izandako sexu abusuei buruzko batzorde independenteak ateratako txostenaren arabera garai horretan hamahiru apaiz eta elizgizonek egin zituzten sexu abusuak Baionako elizbarrutian.
2.900 eta 3.200 erasotzaile artean identifikatu dituzte, baina ziurrenik gehiago direla argi utziz. Elizgizonen biktimak 216.000 dira eta kopurua 330.000raino puzten da, Eliza Katolikoari lotutako ikastetxeetan, katiximan edota bestelakotan ari diren erasotzaile laikoak kontuan hartuz gero. Horra CIASE Eliza katolikoan izandako sexu abusuei buruzko batzorde independenteak ateratako txostenak plazaraturiko errealitate beltza, 1950etik 2020ko hamarkadara arteko garaiari dagokionez.
Biktimen artean daude Baionako elizbarrutikoak ere bai, gutxienez 25 adin ttipiko, hamahiru apaiz eta elizgizonen sexu erasoak jasan behar izan zituztenak. Prentsaurrekoa burutu zuen urriaren 6an Marc Aillet Baionako apezpikuak, zeinetan aitortu duen "seguruenik" ez dutela "nahiko kontuan hartu biktimen ahotsa".
Batzorde independenteak Eliza Katolikoari eskatu dio duen ardura bere gain har dezala eta biktimei ordain ekonomikoa eman diezaiela. 548 orriko txostena irakurgai jarri du batzordeak bere webgunean.