Orain arte lizeoko azken urtearen bukaeran egiten zuten ikasleek baxoaren proba, bi astean azterketa guztiak eginaz. Baina baxoaren erreformaren arabera, lizeoko azken bi urteetan egin beharko dituzte azterketak aurrerantzean. Beste aldaketa bat ere bada: orain ikastetxe barnekoak izango dira probak eta honek ikasleen artean aukera desberdintasunak sortuko dituela salatu dute sindikatuek. Aste honetan egin dituzte azterketa horietan lehenak. Hainbat ikaslek uko egin dio azterketari, eta zaindu behar zuten hainbat irakaslek greba egin dute.
Berrian azaldu du egoera Oihana Teyseyre Koskarat kazetariak. Jean Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroak baxoaren erreforma plantan ezarri zuen iaz. Erreformaren nahia omen da ikasleen presioa txikitzea, horretarako ebaluazio jarraiari garrantzia emanaz, eta azken bi urteetan azterketak eginaz.
Baina justu aurkako efektua lortu duela diote hainbat ikasle eta irakaslek: lehen hilabetez jasaten zuten presioa orain bi urtean jasango dutela. Baxoaren sistema berri honetan, lehen proba E3C deitzen da eta aste honetan egin dituzte bertako Historia, Geografia eta Hizkuntza ikasgaien azterketak.
Ikasle sindikatuek salatu dute orain arte estatu mailako proba zena, aurrerantzean ikastetxe barnekoa izango dela, eta ondorioz, "ikasleen arteko parekotasuna ez dela errespetatua".
Hainbat mobilizazio egin dituzte desadostasuna azaltzeko. Teyseyrek bilan hau egin du Berrian: Donibane Garaziko Nafarroa lizeoan irakasle multzo bat ikastetxe sarreran egon zen proba denboran. Baionako Cassin, Angeluko Cantau eta Miarritzeko Malraux lizeoetan, irakasleek eta ikasleek E3C azterketak oztopatu dituzte. Eta Cassin lizeoko ikasleen herenek ez zituzten E3C probak egin, eta ikastetxea partez blokeatzea lortu zuten. Probaren zaintza egin behar zuten berrogei irakasleek, aldiz, greba egin zuten.