argia.eus
INPRIMATU
Jean-Rene Etxegarai berriz ere garaile Baionan
  • Baionan auzapeza ez da aldatuko. Bigarren itzulian Jean-Rene Etxegaraik eutsi dio herriko etxeko aginteari, Henri Etxeto sozialistari gain hartuz. Bozen %53,81 lortu ditu Etxegaraik eta %46,19 Etxetok, duela sei urteko hauteskundeetan baino alde handiagoa lortuz, gainera.

ARGIA @argia 2020ko ekainaren 28a

Baionan, izugarri tinko izan zen afera 2014an: 24 bozen aldearekin gailendu zitzaion Jean-Rene Etxegarairen eskuineko zerrenda Henri Etxeto sozialistari. Aurten ere lehia gogorra izan da. Nekez erran zitekeen segurtasunez “lehen itzulia ikusiz edota bigarren itzuliko panoraman kokatuz... X-k irabaziko du”. Etxegaraik (%40,33 lehen itzulian) parean izan du Etxeto (%29,76 lehen itzulian), lehen itzulian %11,20 egindako Mathieu Berge ezkertiarra juntatu zaiola. Matematikoki berdintsu izan dira eta beste behin ere, abertzaleen bozka izanen da erabakigarria Lapurdiko hiriburuan.

Azpiko bideoan ikus daiteke Etxegarai txalo artean herriko etxera heldu den unea.

Abertzaleez ere osatutako Baiona Berde eta Solidarioa bigarren itzulitik erretiratua zen, doi-doietarik Etxetori ez batzeko hautua eginik –aliantzaren alde ziren 54, kontra 56 eta zuri kokatu ziren sei–.

Duela sei urte ez bezala, bigarren itzulian ez mantentzeko hautua egin dute –horrek dakar de facto ez dutela hautetsirik ukanen herriko kontseiluan– eta hori horrela, abertzaleen boto bakoitzak sekulako pisua ukan du bigarren itzulian. Batzuek Etxetoren alde eginen dute, ezkerra garaile ateratzeko, baina guztiek ez: batzuek zuri bozkatuko dute, Etxeto anti-euskalduna eta jakobinoa ez dutelako nahi baina eskuineko zerrendarentzat bozkatzea nekeegi zaielako eta beste batzuek Etxegarai bozkatu dute, azken honek bake prozesuaren, euskal presoen zein euskal elkargoaren alde egiten duenaz kontziente, baita bai ala bai Etxetori bidea mozteko ere, azken hau argiki kokatzen delako aldarri horien aurka.