Jipoia uztailaren 11ko gauean izan zen Euskaldunen plazan, eta biktima gauean bertan ospitaleratu zuten Euskal Kostaldeko Ospitalean, Baionako prokuradore Jerome Bourrierrek informatu duenez. Atxilotutako gizona behin-behineko espetxealdian dago, Baionako fiskaltzak eskatuta, eta hilketa delitua leporatzen diote. Bigarren urtez jarraian, pertsona bat hil dute jipoituta Baionako bestetan.
Baionako bestetan uztailaren 11ko gauean jipoi bat jaso ondoren Euskal Kostaldeko Ospitalean ospitaleratu zuten 58 urteko gizona hil da. Baionako prokuradore Jerome Bourrierek informatu du sare sozialetan zabaldutako komunikatu baten bitartez. Atxilotu zuten gizona behin-behineko espetxealdian dago, Baionako fiskaltzak eskatuta, eta hilketa delitua leporatzen diote. “Informazio judizialak aurrera egiten du gertaeren sekuentzia eta ezaugarriak ezartzeko”, adierazi du Bourrierrek, “izaera kriminaleko ekintza” izan zela adierazi duenak.
Euskaldunen plazako autobus geltoki batean jaso zuen jipoia hildakoak, eta bi gizonen arteko liskarraren bertsioak ezberdinak dira. Antza denez, 58 urteko gizona mozkortuta zegoen –1,87 gramo alkohol odol litro bakoitzeko–, eta erasotzailea 39 urtekoa zen, Le Monden irakur daitekeenez. Jipoia jaso zuenak izaera arrazistako hitzak esan zituen, atxilotuaren arabera, baina horren bikotekideak auzipetuak esandakoa zalantzan jarri du. “Boxeo txapelduna naiz” oihukatuz erasotzaileak aurpegian “bi kolpe gogor” eman zizkiola adierazi du prokuradoreak.
Auzipetuak “profil bortitz nabarmena” du fiskaltzaren arabera, eta “aurrekari judizial askokoa”. Apirilean irten zen kartzelatik, eta hamasei aldiz kondenatu du Auzitegi Korrekzionalak, horietatik hamabi indarkeria larriagotuagatik, Le Mondek jaso duenez. Atxilotuaren aurrekarien artean, daude elbarritasun iraunkorra ekarri duen indarkeriagatik bost urteko espetxe zigor irmoa, eta familia barruko indarkeriagatik hiru urteko espetxe zigorra.
Iaz eta aurten, antzeko kasuak
Iaz 46 urteko Patrice Laniès “borroka bortitz baten ondoren” hil zen, 21 eta 27 urte arteko gazte batzuei bere etxeko atean pixa egiten ari zirela aurpegiratu ondoren. Gazteei liskarrean parte hartu izana leporatu zieten, eta, kasu batzuetan, laguntza eman ez izana. Laniès-en anaiak “bizitza Baionatik urrun berregin” duela esan du, hilketagatik ikertua izan den susmagarri nagusia berriki epailearen kontrolpean aske utzi baitute, TF1 katean egindako elkarrizketa batean.
Aurten ere beste jipoi kasu bat izan da Baionako bestetan, 25 urteko baionar batek jasotakoa. San Andres plazan zeudela, lurrean mugitzen ez zen gizon bati jotzen ari ziren gizon talde bat ikusi zuela adierazi du, Berriak jaso duenez. Hortaz, gizonak geldiarazten saiatu zen gaztea eta bideoen laguntzaz ulertu du muturrekoa eman ziotela, eta “konorterik gabe” geratu zela. Erasotzaile talde hori gau osoan ostatuz ostatu jendeari mehatxuka ibili zela adierazi du emakumeak.
Aurtengo bestetan, 11 eraso salatu dituztela informatu du Ipar Euskal Herriko Itaia emakumeen antolakunde sozialistak, hala nola bortxaketa ahaleginak, eraso fisikoak eta ahozko erasoak, ARGIAk jaso duenez. Gainera, asteazkenean, uztailaren 17an, Ipar Euskal Herriko mugimendu feministak Baionako Herriko Etxearen jarrera salatu du, Baionako festetan errepikaturiko eraso sexistak direla eta, ARGIAk jaso duenez. Herriko kontseiluaren batzarrera sartzen saiatu dira 30 bat lagun.